Kongresuko eta Senatuko ordezkariak aukeratzeko, bailarako 23.008 herritar bozkatzera deituta

Beñat Los Arcos Ayerdi

Hernaniar bat, Kongresurako botoa hautetsontzian sartzen, 2023ko uztaileko Hauteskunde Orokorretan.

Espainiako Hauteskunde Orokorrak izango dira bihar zortzi, azaroaren 29an. Gipuzkoatik sei ordezkari eta Nafarroatik bost hautatuko dituzte diputatuen kongresurako, eta senaturako launa. Aukeran izango diren zerrendak, ezberdinak dira lurralde bakoitzean eta organo bakoitzerako.

Bada astebete pasatxo hauteskunde kanpaina hasi zela, azaroaren 29ra begira. Espainiako Hauteskunde Orokorrak izango dira bihar zortzi, Kongresurako eta Senaturako ordezkariak aukeratzeko, eta alderdi politiko guztiak ari dira nabarmentzen aurtengo hitzorduak daukan garrantzia berezia, etorkizunera begira. Lehenago ere abiatua zuten kanpaina hainbatek, izen horren aterkipean aritu gabe ere; baina bi asteko esprintak ekitaldi sorta zabalari egin dio bidea.

Gurean, ordea, saio gutxi izan dira oraingoz, eta izan diren bakarrak Hernanin, baina ez dira oharkabean pasa. PP alderdiak aurreko ostiral iluntzean iragarri zuen biharamunean Hernanin emango ziola hasiera Gipuzkoako bere kanpainari, Tilosetan. Eta Jon Echeverría zerrendaburua bertaratu zenean, liskarrak sortu ziren bertan. 'Faxistak kanpora' eta 'alde hemendik, utzi bakean' oihukatuz hartu zuten hainbat herritarrek, Ertzaintza ere azaldu zen, eta ekitaldia bertan behera utzi ondoren, «petardoak, arrautzak eta harriak» bota zizkiotela salatu zuen hautagaiak. Bere esanak eta zenbait bideo zabaldu ziren berehala Espainiako hedabideetan eta sare sozialetan.

Igandean, berriz, EH Bildu izan zen bere ekitaldia Hernanira ekarri zuena: Sandiusterrin izan ziren Oihana Etxebarrieta Gipuzkoako zerrendaburua eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, Xabier Lertxundirekin batera. Izan ere, Hernaniko alkatea ere EH Bilduren zerrendan ageri da Kongresurako; laugarrena da bera. EH Bilduk berak jarri zuen kanpainako beste hitzordu bat Hernanin, joan den asteartean: posta bidezko botoa ematera animatu zituen herritarrak Xabier Lertxundik, horretarako epea ixteko bi egun falta zirenean, «boto bakoitza izango delako garrantzitsua faxismoari oinak gelditzeko eta esperantzaren olatua altxatzeko».

Beste ekitaldirik ez da izan Hernanin oraingoz, ezta gainerako herrietan ere.

Kongresurako, sei ordezkari Gipuzkoatik eta bost Nafarroatik

Kanpaina beste astebete luzatuko da, datorren ostiralera arte, larunbatekoa hausnarketarako gordeta baitago. Igandean, Kongresua eta Senatua osatuko duten ordezkariak aukeratuko dituzte herritarrek. Urumea bailaran, 23.008 herritar daude bozkatzera deituta, bertan bizi direnak eta ez direnak kontuan hartuta: 16.336 hernaniar eta ereñotzuar, 5.947 astigartar, 617 goizuetar eta 108 aranoar. Horietatik, zehazki 22.186 dira botoa bailarako hauteslekuetan eman beharko dutenak, gainerakoak hemendik kanpo bizi baitira.

Kongresurako 350 diputatu eta Senaturako 208 ordezkari aterako dira azaroaren 29ko hau­teskundeetatik, baina lurralde mailan aukeratuko dira. Gurean, hernaniarrek, ereñotzuarrek eta astigartarrek bozkatuko dute Gipuzkoatik Madrilera joango diren sei diputatuak eta lau senatariak aukeratzeko; eta goizuetarrek eta aranoarrek, berriz, Nafarroako bost diputatuak eta lau senatariak hautatzeko emango dute botoa.

Horrela, aurkeztutako hautagaitzak ez dira berberak bi lurraldeetan. Gipuzkoan 11 zerrenda izango dira aukeran Kongresurako, eta zortzi Senaturako. Nafarroan, bi gehiago (13) Kongresurako, eta bederatzi zerrenda Senaturako. Zerrenda jakin bat aukeratu beharko da Kongresurako, baina senatariak banaka aukeratu behar dira, eta ez dute zertan zerrenda edo alderdi berekoak izan.

2023ko hauteskundeen ondo­rioz, azkeneko legegintzaldian Gipuzkoatik bina diputatu izan dituzte EH Bilduk, PSE-EEk eta EAJk. Nafarroatik, berriz, PSOEk izan du ordezkaritza nagusia, bi diputaturekin; eta ordezkari bana izan dute EH Bilduk, PPk eta UPNk Kongresuan. Senatuan, berriz, Gipuzkoatik hiru ordezkarirekin izan da EH Bildu, eta batekin EAJk; eta Nafarroatik, hiru izan ditu PSOEk eta bat UPNk.

Zortzi hautesleku Hernanin, eta bakarra beste lau herrietan

Ohiko hauteslekuak prestatuko dituzte Urumea bailaran, herritarrek botoa eman dezaten. Horrela, Hernanin zortzi hautesleku izango dira, zonaldeka antolatuta: Biteri kultur etxean, Kulturarteko Plaza Feministan, Lizeaga auzoko Euskararen Faktorian (Larramendi kalea 11, behea), Elizatxo ikastolan, Langile Ikastolaren Laubidietako eta Bidebietako eraikinetan, Haur Eskolan, eta Zikuñagako eskoletan (Zikuñaga auzoa 31). Ereñotzuko Auzo Udalean izango da Hernaniri dagokion bederatzigarren mahaia, eta bertan bozkatu beharko dute ereñotzuar guztiek.

Astigartarrek, berriz, Erribe­ran izango dute hauteslekua, kasu guztietan. Zazpi mahai antolatuko dituzte bertan, herritarrak multzokatzeko.

Goizuetarrek Xalto eskolan eman beharko dute botoa, eta mahai bakarra osatuko dute bertan. Eta aranoarren kasuan, Mai­suenea izango da hautesleku bakarra, azaroaren 29an.

Herritar bakoitzak etxean jasoko zuen gutun txikia, bere hauteslekua eta mahaia zehazten dizkiona. Hernaniko kasuan, zaila da muga zehatzak deskribatzen, zeinek non bozkatu behar duen definitzeko. Baina gutxi gorabeherakoak jaso ditugu azpiko koadroan. Bertan ageri dira hautesleku bakoitzera deituta dauden herritarrak ere.

Edonola ere, izango dira dagoeneko botoa eman dutenak, posta bidez. Bizitokia hemendik kanpo duten herritarrek, berriz, orain bizi diren herrialdean eman dezakete botoa, Enbajadan, Kontsulatuan edota horretarako egokitu duten lekuan, gaurtik datorren ostegunera bitarte.

Duela hiru urte eta erdi, %66,53koa izan zen partehartzea Urumea bailaran, 14.780 lagunek eman baitzuten botoa. Kongresurako bozketan, EH Bildu nagusitu zen nabarmen herri guztietan, bereziki Aranon eta Goizuetan, botoen %75etik gora lortuta. %43,87arekin irabazi zuen Hernanin, PSE-EEren (%19,99) aurretik; eta %37,75arekin gailendu zen Astigarragan, EAJren (%20,12) aurretik.

HAUTESLEKUAK

HERNANIN

Biteri kultur etxean, Kaxkoa, erdigunea, Latsunbe eta Urbieta kalea. Bost mahai, 3.103 hautesle.

Kulturarteko Plaza Feministan, Etxeberri auzoa, Gartzia Goldaratz, Karmelo Labaka eta Zelabide. Lau mahai, 2.577 hautesle.

Euskararen Faktorian (Larra­mendi kalea 11), Lizeaga auzoa. Mahai bakarra, 675 hautesle.

Elizatxo ikastolan, Portu, Karabel eta Elizatxo auzoak, eta Lizeaga kalea. Hiru mahai, 1.799 hautesle.

Bidebietan (Langile ikastola), Latsunbeberri eta Oriamendi auzoak. Bi mahai, 1.686 hautesle.

Laubidietan (Langile ikastola), Jauregi, Sorgintxulo, Marieluts, Karobieta, Txantxilla eta Santa Barbara. Hiru mahai, 2.218 hautesle.

Haur Eskolan, Florida, Sagastial­de, Antziola, Iturmendi eta Gala­rre­ta. Hiru mahai, 2.328 hautesle.

Zikuñagako eskoletan, Zikuñaga, Osiñaga, Martindegi eta Akarregi auzoak. Mahai bakarra, 868 hautesle.

EREÑOTZUN

Auzo Udalean, ereñotzuar guztiek. Mahai bakarra, 494 hautesle.

ASTIGARRAGAN

Erriberan, astigartar guztiek. Zazpi mahai, 5.810 hautesle.

GOIZUETAN

Xalto eskolan, goizuetar guztiek. Mahai bakarra, 538 hautesle.

ARANON

Maisuenean, aranoar guztiek. Mahai bakarra, 86 hautesle.

*Hemendik kanpo bizi diren herritarrak ez dira ageri, ez baitute bertako hauteslekuetan bozkatzen

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!