Azaroaren 23tik abenduaren 1era bitartean, 'EginTtap!' lehiaketaren laugarren edizioa jokatu da Euskal Herri osoan. «7 egun, 7 galdera, 7 minutu formatuan» jokatzen da, eta haurrek zein helduek taldeka erantzun ditzakete galderak. Antolatzaileek adierazi dutenez, «aisialdi digital euskalduna sustatzeko aukera paregabea» da.
Parte hartzeko 9-12 urte bitarteko 5-6 haurrez osatatutako taldeak eratu behar dira, eta heldu bat izendatu behar da arduradun gisa. Izena eman behar da jokatzeko, eginttap.eus webgunean edo Instagram bidez (@eginttap). Biharkoa da azken eguna.
Emaitza onena lortzen duten taldeek jokatuko dute finala, aurrez aurre. Abenduaren 8an izango da, Durangoko Azokan, arratsaldeko 16:30etan.
Hernaniko Dobera Euskara Elkartea, antolakuntzan
Egitasmoaren antolatzailea da Kukulaisi Aisialdirako Topagunea, elkarteko bazkideen laguntzarekin. Euskal Herri osoko 18 elkartek osatzen dute Kukulaisi, «aisialdi euskaldun, hezitzaile eta berritzaile baten alde lan eginez». Bazkide, eta beraz, antolatzaile horien artean dago Hernaniko Dobera Euskara Elkartea, eta animatu dute herritar oro lehiaketan parte hartzera.