Osakidetzako greba eragina izaten ari da bailarako anbulatorioetan

Beñat Los Arcos Ayerdi

Emakume bat Hernaniko anbulatoriora sartzen, eta hainbat herritar barruan zain.

Analisien hitzorduetan nabaritu da bereziki, goizero itxaron behar baitute laborategiak egun horretan lan egingo duen jakiteko.

 

SMU sindikatuak (Sindicato de Médicos Unidos) deituta, greba izaten ari da egunotan Osakidetzan. Azaroaren 16tik 27ra antolatu dituzte lanuzteak eta protestak, eta eragina izaten ari dira Urumea bailarako anbulatorioetan ere. Goizeroko analisietan nabaritu da bereziki. Izan ere, Hernaniko anbulatorioan aditzera eman digutenez, goizero itxaron behar dute, 08:20ak aldera arte gutxi gorabehera, jakiteko laborategiak lanik egingo ote duen egun horretan.

Azaldu dutenez, aste honetan, momentuz, aurreikusitako analisiei eutsi ahal izan diete, baina erabakiaren zain egoteak dakarren atzerapenarekin. Horrela, ilarak sortu dira egunotan. Aurreratu dute, dena den, gaurko egunean akaso zailtasun gehiago izan daitezkeela, ostirala izanik. Edonola ere, bai ala bai egingo dituzten analisiak izango dira onkologikotik bideratutakoak, tratamenduan dauden pazienteenak.

Gainerakoan, Hernaniko anbulatorioko martxa berdintsu dijoala azaldu dute, bertako langile gehienak ari baitira lanean.

Ospitalean, aldiz, beste arlo batzuetan ere ari da nabaritzen grebaren eragina. Horrela, ebakuntzak aurreikusita zeuzkaten pazienteei ere atzeratu dizkiete hitzorduak, mediku faltagatik.

Estatu mailako greba da SMUk 12 egunetarako deitu duena. Eskaera nagusia da Medikuen Estatutu bat sortzea, lanbidearen baldintza espezifikoak erregulatuko dituena, eta marko komun bat ezarri langile guztientzat. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak, bere aldetik, adierazi du deialdia errespetatzen duela, baina ez du horrekin bat egin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!