Kontuak estu bazeuden lehendik, are gehiago estutu ziren aurreko asteburuan, Taldekako Bola Txapelketaren ligaxkan. Baina parekotasun horretan, ia ziurtatuta daukate semifinaletara pasea Urumea bailarako bi taldeek. Joan den ostiralean, Elur Txorik lortu zuen garaipena derbian, Ur Miari 10,5-5,5 irabazita Etxeberrin, Benta Berriko bolatokian. Eta horrela, bederatzina punturekin berdinduta daude hernaniarrak eta ereñotzuarrak, azkeneko jardunaldiaren faltan.
Gainerako partiden emaitzek ere lagundu dute sailkapena estutzen: Zelai-Ondok Ibarra-Belauntza menderatu zuen, haiek ere 9 punturekin jartzeko; eta berdinketa izan zen sailkapeneko aurreneko bien arteko lehian, Behar Zanaren eta Txoritegiren artean. Horrela, 13 eta 10 punturekin daude, hurrenez hurren.
Kontua da, aldeak hain txikiak izan arren, ia erabakita daudela lau semifinalistak. Izan ere, Zelai-Ondok atsedena dauka azkeneko jardunaldian, eta ez du puntu gehiago pilatuko. Horrela, Behar Zanak eta Txoritegik dagoeneko eskuratu dute txartela, eta ia ziurtatuta daukate Elur Txorik eta Ur Miak ere. Hala ez izateko, biek galdu beharko lukete azkeneko jardunaldian, eta abantaila haundiarekin, gainera.
Elur Txorik gaur bertan jokatuko du bere tiraldia, 18:00etan Benta Berriko bolatokian, Ostadarren kontra. Azkeneko sailkatua da talde lasartearra, punturik pilatu gabe. Eta Ur Miak, berriz, ostiralean dauka hitzordua, 18:00etan Ereñotzuko bolatokian, Txoritegiren kontra. Bietako batek gutxienez berdinketa lortuta, biek egingo dute aurrera semifinaletara, beste emaitzak edozein direla ere.