Bukatu da Andoni Rekondo hernaniarraren ibilbidea, bere estreinako Bertsolari Txapelketa Nagusian. Seigarren izan da gaur Miarritzen, 660 punturekin, finalerdietako lehenengo itzuliaren azkeneko saioan. Poto egin du bakarkakoan, eta akaso horrek utzi du aukerarik gabe, 674,5 puntutan geratu baita langa. Kontrara, bigarren itzulirako txartela lortu du Agin Laburu astigartarrak azkenean: behar zuen gaurkoan bi bertsolarik lortzea bere 687 puntuak baino gutxiago, eta lau izan dira beherago geratu direnak. Donostian ariko da astigartarra orain, datorren larunbatean, azaroaren 21ean. Ondoan izango du berriro Aitor Mendiluze andoaindarra, eta baita Joanes Illarregi ere. Haiekin batera, Aner Peritz, Saioa Alkaiza eta Julio Soto.
Hain juxtu, Sotok berak irabazi du Miarritzeko saioa, 733,5 punturekin, Sustrai Colinaren aurretik (713). Haiez gain, Maddi Ane Txoperena da aurrera egitea lortu duen bakarra, 682 punturekin. Izan ere, 672,5 punturekin berdinduta geratu dira Oier Etxeberria eta Maddalen Arzallus, hurrengo fasetik kanpo.
Kanpoan da Andoni Rekondo ere, baina gaurkoan perla ederrak utzita. Bereziki nabarmentzekoa, puntutan Julio Soto iruindarrarekin batera osatutakoa: orain arteko puntukako onena, aurtengo txapelketan. Ariketa zoragarria osatu dute, bizi-bizia eta umore haundikoa, beste lagun baten 2 urteko haurra gau batez zaindu behar zuten bi lagunen azaletik.
Aurreneko esaldiarekin ('Atea itxi orduko hasi zaigu festa') iragarri du hernaniarrak zetorrena. 'Zuk zenion haurrak zenitula maite' bota dio Juliok, eta Andonik erantzun, 'baina gertutik beldur ematen didate'. Eta berehala atera ditu Juliok kontu ilunak: 'Kakaztuta dauzka ya pañalaren ertzak' iruindarrak, eta hernaniarrak 'bai ikusi dizkiot ixtar erdi beltzak'. Pardela aldatu beharrarekin umoretsu aritu dira, kolpe ederrekin. Andonik bota du, besteak beste, haurrak ipurdian 'jesukriston karga' daukala, edota kakak dozena bat prenda zikindu dizkiola, eta galtzerdietara ere iritsi zaiola. Ordu erdi pasa eta pardela ezin aldatu, soluzioa topatu du hernaniarrak azkenean: 'joan ta aitari jarri haurra parez pare'. Txalo zaparrada ederra eskaini diete ikusleek, barre algarei eutsi ezinik.
Ariketa horrekin jo du goia Rekondok, saio gorabeheratsuan. Jolasti aritu da hasierako agurretik: 'A kaixo Miarritze, akaso ni harritze, asmotan nator ta; (...) lana hain xinplia da, altxa eta bota; ba konplikatu gabe jar gaitezen horta'.
Maddi Ane Txoperenarekin kantatu du zortziko haundian, 16 urteko bi errugbilariren tokitik: proteina gehigarriak eta kreatina hartu behar dituztela esan diete klubean. Horren kontra egin du Maddi Anek hasieratik, nabarmenduz proteina hitzak sabelean sortzen dion mina, eta burura etorri zaizkiola 'tranpa edota dopina'. Andoni, aldiz, hartzeko prest azaldu da: 'Kreatinari tira diote, besoak jartzeko gizen; gure jokoa hobetzen badu, ez zait gaizki iruditzen'. Izan ere, defendatu du beste taldeetan ere egiten dutela: 'Beste taldeei ziur ez die kontzientziak oztopatu, eta ez ditut partidu denak nahi desbentajan jokatu'. Bereari eutsi dio Maddi Anek, adieraziz nahiago duela 'taldea utzi kaka hori hartu baino'. Eta hernaniarrak erantzun: 'Proteinatik probatuko det, ta meletan gogor tira; zu gustora asko egongo zara bankillotikan begira'.
Zortziko txikiko ariketa, berriz, Oier Etxeberriarekin osatu du Rekondok, elkarrekin afaltzekoak diren bi lagunen paperean: gaur ere, Oierrek esan dio bost minututan prest izango dela, baina ordu erdiz egon behar izan du Andonik bere zain.
Bertso zorrotza bota dio hernaniarrak, hasteko:
Erdi presaka zatoz,
era narrastian.
'Banoa' hirurak ta
hogeita zazpian.
Orain ez zaitez gorde
bideko astian,
itxaroten nengoen
atari azpian.
Denbora igogailu barruan joan zaiola jarri du aitzakia Oierrek, eta Andonik erantzun bera gabe eseri dela jatetxeko mahaira: 'Nola hau jada lehendik bazenidan egin, ensalada eskatu det hotz gera ez zedin'.
Bigarren platera konpartitzea proposatu dio orduan Oierrek, eta horrelaxe erantzun dio hernaniarrak: 'Ezinezkoa zaigu elkarbanaketa, Oier nik ya postrea janda daukat eta'.
Puntutan bikain aritu ondoren, irrist egin du Rekondok bakarkako lanean. Izan ere, aurreneko bertsoan egin du poto, 'sarri' hitzarekin errima bi aldiz osatuta. Ez du gai erraza izan hernaniarrak: jendearen arropa konpontzen urteak daramazkien jostunaren azaletik aritu behar izan du, gero eta lan gehiago daukala eta.
Gozatu ezinik aritu da, baina utzi ditu esaldi politak. Aurreneko bertsoa borobildu du esanez 'hemen ilarak sortzea dela zerbaiten adierazgarri', eta bigarrenean osatu ideia hori: 'Dena konpondu daiteke hemen, bai zulo ta bai iritzi; zeren gaur egun ezin duenak hil bukaerara iritsi; soldata ona izanagatik ezin baitu duin bizi'. Eta ondo borobildu du ariketa, hirugarren bertsoan: 'Mostradoretik hala ari naiz, gizarteari begira; baina guztia konpontzekotan, partxe asko behar dira'.
Eta hamarreko txikian, Sustrai Colinarekin batera bukatu ditu lan puntuagarriak. Sindikatu bateko langilea izan da Sustrai ariketan, eta bulegora joan zaio Andoni gaztea, lehenengoz sindikatu nahi duela esanez.
Batzera animatu du Sustraik, 'bakarrik daudenentzat kanpoan hotz da ta'. Asmo horrexekin azaldu da Andoni, eta galdetu dio zergatik harritu den bertaratu izanaz: 'Horren arraroa den egiten dut duda, ezin baituzu gorde zeure harridura'. Baietz, gazteak ikusita harritzen dela aitortu dio Sustraik, baina pozik agertu da: 'Gorputz zahar honek odol berria behar du'.
Horrekin zalantzati agertu da Andoni, bere bigarren bertsoan: 'Nere odol gaztea ez dakit aski dan, zeozer konpontzeko dugun ikusmiran. (...) Zeren hitzez azaltzen ez dakit dakidan, osteguneko grebak zer sortu dun nigan'. Sustraik erantzun dio ez ahazteko 'borrokatzen ez dena galdu litekeela'. Eta berarekin ados azaldu da hernaniarra: 'Hortaz gure borroka zerbaiten parte da, hargatik elkartu naiz ni zuen artera; heldu eskutik eta goazen batera'.
Lanak bukatuta, eta Ekhi Erremundegik puntuazioak aditzera eman ondoren, txapelketako bere azkeneko agurra kantatu du hernaniarrak. Adierazi du lehen faseko puntu berekin, 'erdi hutsik' daukala poltsa; baina puntu kontuak alde batera utzita, gertukoei eskertu die beraien babesa:
Bidelagunei eskerrik asko
betetzearren bihotza,
gaur oso gertu sentitu baitet
zuetariko bakoitza,
ta postu batek ez dit kenduko
horrek sortzen didan poza.