Bolada onarekin jarraitzea helburu mutilen saskibaloi taldeek, eta kolpeari buelta ematea Mundarroko neskek

Beñat Los Arcos Ayerdi

Etxean ariko dira Hernaniko mutilak bihar, eta kanpoan jokatuko dute Mundarroko neskek zein mutilek.

Asteburu gazi-gozoa izan zen aurrekoa, bailarako saskibaloi talde nagusientzat, Gipuzkoako lehenengo mailan. Hernaniko zein Mundarroko mutilek segida eman zioten bolada onari, eta beste garaipen bat pilatu zuten: astigartarrek Hoops menderatu zuten etxean (77-59), eta hernaniarrek garaipena ekarri zuten Takeren kantxatik (53-73). Horrela, sailkapenean lehenengo eta hirugarren postuetan daude, hurrenez hurren. Mundarrok orain arte jokatutako sei partiduetan lortu du garaipena, eta Hernanik lau irabazi ditu; hain juxtu, astigartarren kontra jaso zuen porrotetako bat.

Mundarroko neskei, ordea, gutxigatik egin zien ihes garaipenak, etxean, Erroibide liderraren kontra. Azkeneko laurdenean bikain arituta, irundarren aldea murriztea lortu zuten, baina markagailua irauli ezinik geratu ziren azkenean (38-40). Horrela, sailkapenaren erdialdean geratu dira, zazpigarren, bi partidu irabazi eta lau galduta.

Kolpe horri buelta eman nahiko diote asteburu honetan. Tolosan ariko dira bihar, 16:00etan Usabalen, Takeren kontra.

Mutilek, berriz, bolada onari segida eman nahi diote. Hernaniarrek etxean jokatuko dute bihar, 16:00etan kiroldegian, Erroibideren kontra. Astigartarrek, berriz, Saski Axularren kantxan jokatu beharko dute, 16:00etan Donostiako Benta Berrin.

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!