Bolada ona mantendu eta beste garaipen bat lortu zuen Mundarrok pasa den asteburuan, gizonezkoen Gipuzkoako Gorengoen Mailan (Sanpedrotarra 1-3 Mundarro). Hernanik ere hiru puntu eskuratu zituen Zubipen, 2-0 irabazita Axular Lizeoari. Sailkapeneko burua da Mundarro, Ostadarrekin berdinduta; 20 puntu dituzte biek. Hernani laugarren sailkatua da, 15 punturekin.
Gaur jokatuko dute hurrengo jardunaldia, 17:30etan eta etxetik kanpo biek. Mundarrok jokatuko du Lasarte-Oriako Michelin futbol zelaian, Ostadarren aurka hain zuzen. Eta Hernani Donostiako Herrera futbol zelaian ariko da, Rotetaren kontra.
Hernaniko neskek puntu bat eskuratu zuten pasa den asteburuan, 1-1 berdindu ondoren Bizkerrerekin, Zubipen, Hirugarren RFEF Ligako bederatzigarren jardunaldian. Berdeak zazpigarren dira sailkapenean, 12 punturekin. Datorren jardunaldia bihar jokatuko dute hernaniarrek, etxetik kanpo: Bilbao Artizarraken zelaian, 13:05etan.
CD Hernanik, ohiko batzarra
Bestalde, CD Hernanik iragarri du ohiko batzarra egingo duela datorren ostegunean, azaroaren 19an, Biterin: 18:30etan lehen deialdia, eta 19:00etan bigarrena. Honakoa izango da gai zerrenda, hurrenez hurren: Lehendakariaren berbaldia, aurreko aktaren irakurketa eta onarpena, kirol memoria, 2025/2026ko atal bakoitzaren gastuak eta sarrerak, eta 2026/2027ko atal bakoitzaren aurrekontuaren azalpena eta onarpena.