Andoni Rekondo Miarritzen gaur, lehenengo itzulia itxiko duen saioan

Beñat Los Arcos Ayerdi

Andoni Rekondo, 2024ko Gipuzkoako Txapelketaren finalerdietan, Arrasaten.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdien saio erabakigarrian ariko da hernaniarra, 17:00etan hasita.

 

Gaur bukatuko da finalerdietako aurreneko itzulia, Bertsolari Txapelketa Nagusian. Miarritzen jokatuko da azkeneko saioa, 17:00etan hasita Jai Alain; eta bertan ariko da Andoni Rekondo hernaniarra, honako bertsokideekin batera: Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Oier Etxeberria eta Sustrai Colina. Ekhi Erremundegik jarriko dizkie gaiak.

Saioaz gozatu eta bigarren itzulira sailkatzen saiatzea izango du erronka hernaniarrak, baina garesti daude txartelak. Matematika kontuei saioaren bukaeran jarri beharko diete arreta, baina gutxienez 675 puntu beharko dira aurrera egiteko, eta horrek soilik balioko du gaurko bi bertsokide atzetik utzita. Bestela, 690 puntu ere beharko dira akaso.

Gaurko saioaren emaitzen zain izango da Agin Laburu ere. Astigartarrak 687,5 puntu lortu zituen Gernikan, eta behar du gaurko bi bertsolarik puntu gutxiago pilatzea, bigarren itzulira sailkatzeko. Dena ondobidean, posible da bailarako bi ordezkariek aurrera egitea.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!