Taldekako Bola Txapelketan, aurrez aurre ariko dira bihar Hernaniko Elur Txori eta Ereñotzuko Ur Mia, Etxeberri auzoan. Arratsaldeko 17:30etan hasita, Benta Berriko bolatokian jokatuko dute bosgarren jardunaldiko tiraldia, eta garrantzitsua izango da bientzat. Izan ere, sei punturekin berdinduta daude sailkapenean, eta irabazten duenak ia ziurtatuta izango du semifinaletarako txartela.
Une honetan Txoritegi eta Behar Zana dauzkate aurretik, bederatzina punturekin; eta atzetik Zelai-Ondo 2 (3 puntu), Ibarra-Belauntza (3 puntu) eta Ostadar (0 puntu). Zazpi jardunaldi izango dira denera, eta multzoko lau onenak sailkatuko dira semifinaletara.
Bi garaipen segidan lortzetik dator Elur Txori, aurreko asteburuan 10-6 menderatu baitzuen Zelai-Ondo 2, eta horren aurretik 9,5-6,5 nagusitu zen Ibarra-Belauntzaren kontra.
Ur Miak, bere aldetik, atseden hartu zuen joan den astean, eta porrota jaso zuen hirugarren jardunaldian, Behar Zanaren kontra (7-9). Lehenengo bi jardunaldietan lortu zituen bere bi garaipenak.