Buruntzaldeako Transmaribibolloek eta Euskal Herriko Bilgune Feministak, greba egunarekin bat egin dute, eta bakoitzaren ikuspuntutik, egoeraren irakurketa bat zabaldu dute. TMBBek adierazi dute etxebizitzaren auziak «ezinbestean zeharkatzen gaitu eta beharrezkoa da ikuspegi transfeminista eta antiarrazista batetik lantzea. Pobreziaren feminizazioak eta arrazializazioak emakumeen, sexu-genero disidenteon eta pertsona migratu eta arrazializatuen etxebizitzarako sarbidea eta burujabetza materiala oztopatzen dituzte».
Bestalde, nabarmendu dute egungo etxebizitza ereduak lehenesten dituela familia eredu tradizionala, baita bikote harremanak ere, eta baztertzen dituela bestelako bizitza proiektuak: «Ezin dugu onartu etxebizitza duina izateko aukera bakarra familiako jabetzen edo bikoteharremanen menpe egotea».
Datuak ere eman dituzte, izan ere, nabarmendu dutenez, «sexu-genero disidenteok etxebizitza eskuratzeko garaian bazterketa eta gorrotoa ere jasaten ditugu. Esaterako, pertsona transen % 50 baino gehiago noizbait kalean bizirautera behartuta egon da». Era berean, pertsona migratu eta arrazializatuentzat etxebizitza eskuratzea «are zailagoa» dela gaineratu. Atzerritartasun Legeak eta arrazakeria instituzionalak pertsona migratu eta arrazializatuen «bazterketa eta deshumanizazioa indartzen dituzte», bereziki kale-egoeran daudenen kasuan.
Eskaera zehatzak, Euskal Herriko Bilgune Feministak
Horiek guztiak aipatu ditu bere irakurketan, Euskal Herriko Bilgune Feministak ere, eta harago jo du, aldarrikapenak exigentzia bihurtuz. Hasteko, adierazi dutenez, «logika zisheteropatriarkal, merkantil eta arrazistetatik at kokatzea beharrezkoa dugu». Jarraitzeko, etorkinen egoerarekin lotuta eskatu dute «errolda eta erregularizazio erreala», eta azkenik, mezu orokorra zabaldu dute, feminismoaren ikuspegitik: «Euskal Herrian trantsizio feministan urratsak emateko etxebizitza politikak birpentsatuz eta eraikiz eta herri bezala feminismotik bizitza bizigarrien alde borrokatuz. Etxebizitzak bizitoki bizigarri bihurtuz. Denontzat eta eskuragarri».