Aurtengo bigarren greba orokorra, bihar

Julen Borreguero Fernandorena

Manifestazioa izango da arratsaldeko 18:00etan Zinkoeneatik abiatuta. Propaganda banaketa egingo dute goizean.

 

Greba orokorra izango da biharkoan, denontzat etxebizitza eta soldata duinak erreklamatzeko. Aurtengo bigarren greba orokorra da; martxoaren 17an izan zen lehenengoa. Eta bailarako herritarrak kalera aterako dira, haien eskubideen alde borrokatzeko. 

LAB sindikatuak aditzera eman du greba egunerako egitarau bana, astigartar zein hernaniarrentzat. Goizeko 05:30etan Zinkoenean elkartzeko deia egin dute Hernanin, piketeekin hasteko. 08:30etan propaganda bira egingo dute Plaza Berritik hasita, eta gero Donostiara joango dira, Pio XIIn izango den manifestaziora. Arratsaldean, 17:30etan elkartuko dira berriro herritarrak Plaza Berrin, batzar informatiborako eta herri argazkirako. Eta 18:00etan hasiko da manifestazioa Zinkoenean. 

Astigartarren kasuan, goizeko 09:00etan hasiko dira, herriko propaganda bueltarekin, eta 10:15etan herritarren argazkia aterako dute. Jarraian, oinez abiatuko dira Donostiarantz, Pio XIIko manifestaziora. Arratsalderako, Zinkoeneako manifestaziora deitu dituzte astigartarrak ere.

 

Udaletxea eta udal zerbitzuak itxita, Hernanin

Hernaniko Udalak aditzera eman duenez, udal langileak grebara batuko dira. Horrenbestez, biharkoan itxita egongo dira udaletxea zein udal zerbitzuak: kiroldegia, liburutegia, Kulturarteko Plaza Feminista, Plazara gunea eta Biteri kultur etxea. Bestalde, jakinarazi dute hondakin bilketarik ez dela egingo gaur gauean, hau da, papera eta kartoia ez da jasoko. Azkenik, hiribusari dagokionez, adierazi dute zerbitzua goizeko 09:30etatik 14:00etara eskainiko dela, eta beraz, arratsaldean ez dela zerbitzurik izango.

 

Kronikarik ez, biharko egunez

Kronikak, bere aldetik, ez du papereko ediziorik argitaratuko biharko egunez, grebagatik. Hurrengo alea ostegunean izango da kalean. Edonola ere, biharko egunean zehar kronika.eus webgunean egingo diogu jarraipena greba orokorrari.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!