Maila onekoa bezain estua izan da finalerdietako hirugarren saioa, Bertsolari Txapelketa Nagusian, Gernika-Lumon. Aitor Mendiluze andoaindarra nagusitu da, 713 punturekin. Hernaniko Bertso Eskolako beteranoak finalerdietako bigarren itzulirako txartela lortu du, baina nahi baino puntuazio bajuagoarekin. Izan ere, poto egin du bakarkako lanean. Agin Laburu astigartarra, berriz, seigarren izan da gaurko saioan, baina puntuazio altua lortu du, 687 puntu pilatuta; eta bigarren itzulira sailkatzeko aukerei eutsi die, azkeneko agurrean «akabo txapelketa, akabo ipuina» kantatu duen arren. Une honetan lau bertsolari dauzka atzetik sailkapenean, eta Miarritzeko saioan beste bi izan beharko lituzke atzetik, bere ibilbidea beste pixka bat luzatzeko.
Astigartarrak hasierako agurretik erakutsi du jolaserako gogoa, aditzera emanez «Gernikako piperrari tokia» egiteko asmoa, «piper berde italianoa» nagusi den garaian. Joanes Illarregirekin aritu da zortziko haundian, eskolan Gernikako bonbardaketaren berri izan duten bi ikaskideren azalean, jolastokian gaiaz hizketan. Pixkanaka joan dira ariketan sartzen, eta hausnarketa politarekin bukatu du Laburuk, faxismoaren gorakadaren inguruan: «Nundik gatozen ikasi degu, ez dakit nora goazen».
Zortziko txikian autoeskolako irakaslea izan da astigartarra, eta bigarrenez gidabaimena galdu ondoren etorri zaio Ane Labaka. Zirikatzaile aritu zaio Laburu, aurrena galdetuz propio joaten hasi ote zaion, eta ondoren eskatuz gaurkoan ez dezala amonarik jo.
Eta puntutan Aner Peritzekin aritu da, bi lagun grafiteroren azaletik, herriko zubi berrian elkartuta gauez. Hotz xamar hasi dute ariketa, baina hartu dute tonua pixkanaka, arbol arroxa pintatuz eta poliziarengandik ihesi bukatuz.
Mendiluze, bere aldetik, maisutasunez aritu da hasieratik. Labakarekin kantatu du zortziko haundian, bankuak funts putre bati saldu dion etxe bateko maizterren azalean. Zinegotzi gisa aritu da zortziko txikian Aitor Bizkarrarekin, udal talde berekoak biak, legegintzaldia bukatzear eta ezin egindako promesak kunplitu: «Lau urte konpontzeko, lau urte behar dira» aipatu du aurreneko bertsoan, eta bukatzeko proposatu: «Ta lehen egin gabea orain nola jardun, depresioagatik baja har dezagun».
Puntutan, andoaindarrak eta Joanes Illarregik osatu dute ariketarik ederrena, zita azkarren saio batean topo eginda: ‘a saco’ ekin dio Mendiluzek zitari, eta ‘lehor xamar’ Illarregik. Azkenerako, elkar ezagutzen baino, sesioan aritu dira, ariketa bizi-bizian.
Bakarkako lanari heldu diote ondoren, eta Laburu izan da kantatzen aurrenekoa: bere herriko neska baten argazki intimoak jaso ditu mugikorrean. Aurreneko bertsoan aipatu du sentitutako «amorrua eta mina», eta bigarrenean erantzun dio mezua igorri dionari: «Zure arreba izan ziteken eta zertan ari zera?». Ariketa ederra borobildu du honela: «Mila lanketa eginagatik, ez degu ezer aldatu».
Mendiluze, berriz, eskolako jantokiko begiralea izan da bakarkako lanean. Zazpi urteko ume batek esan dio ez duela platera bukatuko, gizendu egingo delako. «Lehen gustora egoten zinena beti zu (…) zuri hori buruan zeinek sartu dizu?» galdegin dio aurreneko bertsoan. Eta laguntza eskatu dezala proposatu dio gero: «Besteei entzundakoa dezu zure etsai, beti besteen begiek zer ikusiko zai. Hitz egin gurasoei ta ez badute nahi, zatoz nigana eta esaidazu lasai». Eta honela borobildu du ariketa: «Berdin zaio zer ari zaizkizun esaten, zuk ez zaiezu utzi agindu dezaten, eta saiatu beti zarena izaten». Lan bikaina osatu du andoaindarrak, baina poto egin du aurreneko bertsoan, ‘izu’ errima bi bider erabilita.
Eta azkeneko ofizioa, hamarreko txikikoa, elkarrekin osatu dute Laburuk eta Mendiluzek, bi aktoreren azalean. Telesail baterako deitu dituzte, eta baldintza jarri diete eszena bakoitza euskeraz eta gaztelaniaz grabatzea. Aitorrek onartzeko prestutasuna erakutsi behar izan du, eta Aginek desadostasuna. Horrela, «kontzientzi hutsetik» ez dela biziko bota dio andoaindarrak, eta astigartarrak erantzun dio «arazo haundia» dela ETBk «euskaldunak erderaz jartzea». Mendiluzek aipatu dio, bigarren bertsoan, hori onartu edo ezer gabe geratu, beste aukerarik ez dutela, eta ez haserretzeko berarekin. Eta Laburuk erantzun: «Ni ez naiz haserretu, dezepzionatu bai». Bere «kobardia» onartu du andoaindarrak hirugarrenean, eta esan dio ikusiko dutela elkar aktoreen hurrengo manifestaldian. Bukatzeko, elkarrekin planto egiteko proposamena bota dio astigartarrak, «euskaldunoi ez egin diezaguten barre».
Ariketa puntuagarriak bukatuta, puntuazio estuak eman ditu aditzera Igor Menika gai-jartzaileak. Mendiluzek oso gertu izan ditu atzekoak: 707 puntu lortu dituzte Aner Peritzek eta Joanes Illarregik, 703,5 puntu Ane Labakak, eta 694 Aitor Bizkarrak.
Miarritzeko laugarren saioaren faltan, seigarren postuan dago Mendiluze, eta dagoeneko 10 dira 700 puntu baino gehiago pilatu dituzten bertsolariak. Huts egiteko aukerarik ez da izango bigarren itzulian, finalerako zazpi txartelak oso garesti izango baitira. Donostian kantatuko du andoaindarrak, bigarren itzuliko lehenengo saioan, azaroaren 21ean.
Miarritzeko saio horretan ariko da, hain juxtu, Andoni Rekondo hernaniarra. Bere estreinako Txapelketa Nagusian finalerdietara sailkatuta, dagoeneko gainditu ditu espektatiba guztiak. Gozatzea izango du erronka datorren larunbatean, eta zergatik ez, bigarren itzulirako txartela bilatzea. Horretarako, ondoan izango ditu Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Oier Etxeberria eta Sustrai Colina. Azkeneko sarrerak salgai daude oraindik, bertsosarrerak.eus atarian.
