Memoriaren Nazioarteko Eguna izango da datorren asteartean, eta ohi bezala, herriko biktimak gogoratzeko ekitaldia egingo dute Astigarragan. Arratsaldeko 18:00etan hasiko dute Memoriaren Ibilbidea, Kultur Etxe Zaharreko lorategiko monolitoaren aurrean elkartuta. Joan den urtean jarri zuen oroigarria bertan Udalak, omentzeko 1936 eta 1985 urteen artean eraildako eta desagertutako astigartarrak, «gerraren, eskuin muturreko erasoen eta poliziaren indarkeriaren ondorioz».
Hain juxtu, haien memoria bizirik mantentzeko egingo dute etziko ibilaldia, eta lore-eskaintzak egingo dizkiete, biktimen omenez jarritako oroigarri eta monolitoetan. Txistulariek eta bertsolariek ere hartuko dute parte ekitaldian.
Zehazki, lau dira gogoan izango dituzten biktima astigartarrak: Joseba Barandiaran Urkola, Tomas Alba Irazusta, Agustin Irazustabarrena Urruzola 'Legra' eta Bixente Perurena Telletxea. Hurrenez hurren, honako puntuetan gogoratuko dituzte lauak: Joseba Barandiaran plazako horma-irudian, Tomas Albaren omenezko monolitoan, Foru Plazako monolitoan, eta Perurena auzoan. Bertan bukatuko dute ibilbidea, eta ondoren, mokadutxoa egingo dute Zamalbide-Bentak auzoko elkartean.
Hitzaldia ostegunean, Astigarragako borrokalari internazionalistei buruz
Memoriaren Egunarekin lotuta, beste ekitaldi bat ere izango da datorren ostegunean, Astigarragan. 1936ko gerran aritutako borrokalari internazionalista astigartarrei buruz, hitzaldia eskainiko dute Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak, 18:30etan hasita, Erribera kulturgunean. 'Euzkadiko borrokalarietako bat naiz' liburua idatzi dute, eta hiru urteko ikerketa-lanaren ondoren, 180 borrokalari internazionalistaren historia berreskuratu dute.
Horren berri emateko, hitzaldiak eskaintzen ari dira herriz herri, eta Astigarragan izango dira azaroaren 12an, bertan izandako borrokalari internazionalisten xehetasunak aditzera emateko.
Memoriaren Eguneko ekitaldia Andoainen, Elkarbizi taldeak
Memoria Egunerako, bestalde, Buruntzaldea mailako ekitaldia antolatu du Elkarbizi taldeak, etzirako. Arratsaldeko 18:30etan izango da, José Luis López de la Calle parkean, 'Askatasunari' eskulturaren aurrean. Eskualdeko herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea, «biktimen memoria bizirik mantentzeko eta elkarbizitzarekin dugun konpromisoa berresteko».