Iritsi da urteko zitarik berezienetako bat, Urumea bailarako korrikalari askorentzat. Bihar goizean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketaren 61garren edizioa, eta bertan izango dira, beste urte batez, bailarako makina bat korrikalari.
Ohiko ibilbidearekin, arnasestuz betetako 20 kilometro izango dituzte aurretik, Gaintxurizketako mendatea, Errenteriako Kaputxinoetako aldapa tranposoa eta Mirakruzeko azkeneko estualdia gaindituz. Baina ilusioz jantzitako 20 kilometro ere izango dira horiek.
Aurreneko aldia izango da zenbaitentzat, eta horrek sortzen du halako urduritasuna eta gogoa barruan. Baina kasik ilusio berberarekin abiatuko dira, urtero bezala, zenbat ediziotan parte hartu duten zenbatzeko ere gai ez diren beteranoak. Hutsik egin gabe izango dira Behobian, ohi bezala modu mailakatuan egingo duten irteeran. Goizeko 09:30etan abiatuko dira ibilbidea gurpildun aulkian osatuko dutenak, 09:35etan patinatzaileak, eta 09:55etan aurreneko korrikalariak. Hortik aurrera, multzoz multzo emango diete irteera partehartzaile guztiei, dortsal txuridun azkenekoak 11:35etan abiatu arte.
Puntual izango dira denak irteera gunean, dagokien ordutegian. Eta puntual kokatuko dira errepide ertzean ere, ibilbide osoan zehar, animatzera gerturatuko diren milaka eta milaka herritarrak. Horiek ere hutsik egin gabe izaten dira partehartzaile, lasterketa berezi egiteko. Bailaratik ere joango dira asko eta asko, egutegian ondo markatuta izaten baitute biharko eguna, gertukoak ez ezik, gainerako korrikalari guztiak ere animatzeko.
Hainbat lasterketatan, azkeneko prestaketa lanak
Biharko probara, prestaketa lanak ondo eginda iritsiko dira bailarako korrikalariak. Azkeneko asteotan, entrenamenduez gainera, asfaltoko hainbat lasterketa osatu dituzte. Asko dira, esaterako, Donostiako 15 kilometroko proban aritu zirenak, duela bi aste. Bertan, gainera, balio haundiko bosgarren postua lortu zuen Gaizka Izagirre hernaniarrak, kronometroa 48 minutu eta 7 segundutan geldituta (kilometroko 3:12ko erritmoan). Iñigo Leiza herrikideak ere marka ederra lortu zuen (53:24), 50garren helmugaratzeko.
Beste hainbat, berriz, Lasarte-Oria Bai! krosean aritu ziren asteburu horretan bertan, 10 kilometroko proban. Aitor Aizkorbe goizuetarra izan zen bailarako onena: zortzigarren helmugaratu zen, 32:38ko denbora eginda (kilometroa 3:15eko erritmoan). Iker Marcos hernaniarra, berriz, 37garren izan zen gizonezkoetan, 35:59ko denborarekin. Eta emakumezkoen artean, 25garren sailkatu zen Haizea Alkain astigartarra, 47:04ko denborarekin. Denera 19 hernaniar, zazpi astigartar eta bi goizuetar aritu ziren bertan.
Mendi lasterketetan ere, emaitza bikainak azkenaldian
Asfaltoko probetan ez ezik, mendi lasterketetan ere sekulako emaitzak lortu dituzte bailarako korrikalariek, azkeneko asteotan. Ander Amonarriz hernaniarrak, esaterako, garaipen haundia lortu zuen Erratzuko Kaxtrail mendi maratoian, duela bi aste. Ibilbidea 4:36:22 denboran osatuta, 20 minututik gorako aldearekin nagusitu zen, Asier Murua beasaindarraren eta Benoit Semerena baigorritarraren aurretik. Proba berean, 14garren izan zen Xabat Pagola ereñotzuarra.
Asteburu berean, Antzinen, Betagarri Traileko 24 kilometroko lasterketan hirugarren sailkatu zen Hodei Lujanbio goizuetarra, eta 15 kilometrokoan garaipena lortu zuen Agerre taldeko Ainhoa Arruti urnietarrak. Lujanbio, gainera, astebete lehenago Orozkon laugarren izatetik zetorren, Itxinan Barrena lasterketan.