Beterri-Buruntza Mankomunitateak deia luzatu die lurraldeko enpresei

Julen Borreguero Fernandorena

Eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren eragile aktibo izatea eskatu die, eta lehenengo urrats gisa, inkesta bat betetzea.

 

Beterri-Buruntza Mankomunitateak dei egin die lurraldeko enpresei, eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapen Planean eragile aktibo izateko. Egitasmoa disgnostiko fasean dago, eta helburua da «lurraldeko enpresen lehiakortasuna eta lurraldeko enpleguaren sorrera eta hobekuntza bultzatzea». Halere, egitasmoak lurraldeko enpresa eta eragile guztiek dituzten benetako beharrei erantzun diezaien, «funtsezkoa da gaian inplikatuta dauden aktore guztien ahotsak entzutea». Horretarako, inkesta bat prestatu du Mankomunitatearen Enplegu sailak (labur.eus/inkestaenpresak helbidean eskuragarri), eta enpresei eskatu die bete dezaten, «elkarrekin osatzeko bide emankor baten lehen urrats gisa».

Hainbat dira diagnostiko hau «ahalik eta osoena eta parte-hartzaileena izateko» Beterri Buruntza Mankomunitatetik aipatu dituzten arrazoiak. Hasteko, uste dute «oso egokia» izan daitekeela langileen, prestakuntzaren, digitalizazioaren, belaunaldien arteko erreleboaren edo talentua erakartzearen arloan enpresek dituzten «beharrak antzemateko». 

Gainera, Mankomunitateko Enplegu sailetik nabarmendu dutenez, «eskuragarri dauden baliabide eta laguntza publikoak benetan behar diren lekura bideratzeko» ere lagungarria izango da egoeraren ezagutza ahalik eta sakonena izatea.

Era berean, gogorarazi dute, aurrerago eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren baitan hartzen diren erabakiek eta martxan jartzen diren egitasmoek eragin zuzena izango dutela enpresengan, eta horregatik garrantzitsua izan daitekeela eragile ekonomikoentzat proiektuan hasiera-hasieratik parte hartzea. Esan bezala, lehenengo pausoa da diagnostikoa egitea, enpresek beteko duten inkestan bildutakoarekin, besteak beste. Horrela, lehenengo pauso horretatik lankidetzan aritzea eskatu die Mankomunitateak enpresei.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!