Zita garrantzitsua dauka Agin Laburu bertsolari astigartarrak, larunbat honetan, Gernika-Lumon: finalerdietako hirugarren saioan ariko da bertan, arratsaldeko 17:00etan hasita. Aurreneko helburua izango da finalerdietako bigarren itzulira sailkatzea; baina, era berean, ezinbestekoa da ahalik eta puntuazio altuena lortzea, finalera sailkatzeko aukerei eusteko.
Astigartarrarekin batera ariko da Aitor Mendiluze andoaindarra ere. Hernaniko Bertso Eskolako beteranoak Gernikan hasiko du bere ibilbidea txapelketa honetan, duela lau urte finalista izanik. Honako lauak izango dituzte bertsokide etzi: Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Aner Peritz eta Joanes Illarregi.
Aurreko astean jokatu zen bigarren saioa Eibarren, eta albiste onik ekarri zuen bailarara. Izan ere, Nerea Ibarzabalek irabazi zuen saioa, 740 puntu pilatuta; eta dagoeneko sailkatu da bigarren itzulira: azaroaren 28an ariko da, Gasteizen. Asier Azpiroz, aldiz, seigarren izan zen 642,5 punturekin. Gainerako lauek oso puntuazio altuak lortu zituzten: Alaia Martinek 722, Miren Artetxek 713,5, Oihana Iguaranek 702,5 eta Nerea Elustondok 696.