Zita garrantzitsua asteburu honetan Hernanik, Atano pilotalekuan

Julen Borreguero Fernandorena

Jubenil zein kadeteek jokatuko dute eskuz binakako finala, eta biek ere izango dituzte aurkari gisa Behar Zana klubeko pelotariak.

Zita bikoitza izango du Hernanik asteburu honetan Donostiako Atano pilotalekuan. Bi final izango dira gainera, eskuz binakakoak, ostiralean arratsaldeko 19:00etan: kadeteen lehenengo mailan Ekhi Galdos eta Hegoi Zabala (22-14, Lazkaoren aurka); eta jubeniletan Ekhi Oses eta Lier Zugasti (Zarautzeko bikotea garaitu zuten finalerdian, 22-9). Behar Zana klubeko pelotariak izango dituzte aurkari, bai kadeteek eta baita jubenilek ere.

Nagusietan, Xabi Apaolazak, Iñigo Erlek eta Markel Lizeagak Ohorezko Mailari eustea lortu dute, Lazkaori 22-13 irabazita; eta Iturbe-Oiartzabal-Azpeitiak Bigarren Mailara igoera jokatuko dute ostegunean, 20:00etan Hernanin, Danok Baten aurka.

Lau t'erdiko txapelketan, bidea amaituta goizuetarrek

Profesionalen kasuan, Serie B mailako lau t'erdiko txapelketan murgilduta zeuden bi goizuetar, Beñat Apezetxea eta Iker Salaberria alegia. Ligaxkako fasean, Apezetxea hurrengo fasera pasatzeko aukerarik gabe zen, Salaberriaren beraren kontrako partidua galdu ondoren (22-11). Salaberriak, berriz, ligaxkako hirugarren partidua irabazi behar zuen pasa den igandean, Rekalderen aurka, semifinaletara pasatzeko; baina galdu egin zuen goizuetarrak, 22-18.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!