Gaur Gau Beltza ospatzeko eguna da, eta Urumea bailarako hainbat txokotan prestatu dute ekintzarik: Astigarragan, Goizuetan, Hernaniko erdigunean, Karabelen, Portun eta Zikuñagan, zehazki. Mozorro beldurgarria ezinbestekoa da, toki guztietan.
Dobera Euskara Elkarteak egun osoan zehar antolatu ditu jarduerak, Hernaniko erdigunean: kalabaza misteriotsuaren bila (11:00etan Atsegindegin), tailer beldurgarriak (16:30etan Biterin), kalejira Atsegindegitik hilerrira (19:00etan), antzerkia (19:15etan hilerrian) eta gaztain jatea (20:00etan Plaza Berrin).
Zikuñagan 'Halloween Labirintoa' izango da, eskoletan 18:00etan. Karabelgo ekitaldi nagusia da kalabaza beldurgarrien lehiaketa (entrega ordua 18:00etatik 18:30etara), eta 18:00etan hasita, beldurrezko tunela eta haurrentzako jolasak izango dira. Portun 17:30etan hasiko da ospakizuna, aurpegi margoketarekin. Hortik aurrera, 18:30etan txokolatada izango da, eta 20:30etan tako-talo jatea.
Astigarragan, Gau Beltzeko ospakizunaz gain, Erriberan jarri dute argazki erakusketa, aurreko urteetako argazkiekin. Gaurkoari dagokionez, 18:30etan aurpegi margoketa eta 'photocall'a izango dira, Foru plazan. Gero, 19:00etan Murgia jauregitik abiatuko dira kalejiran, eta antzerkia ere egingo dute. Amaitzeko, beldurren erretzea, koplak eta mokadutxoa, Foru plazan.
Azkenik, Goizuetako argiak itzaliko dituzte, kalejira egiteko, 19:00etan. Gero, antzerkia eginen dute, baita gaztain jatea ere.