Koxka pare bat egin du gora mailak, Bertsolari Txapelketaren finalerdiekin

Beñat Los Arcos Ayerdi

Amets Arzallusek irabazi zuen Lekunberriko saioa. Argazkia: Maitane Campos

Oso puntuazio altuak izan ziren Lekunberrin, aurreneko saioan; eta bihar jokatuko da bigarrena Eibarren.

 

Final laurdenetako koxka gainditzea gogorra izan bazen oso, are gehiago zaildu dira kontuak orain, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerdietan. Duela lau urteko finalistak lehiara batuta, koxka pare bat egin dute gora mailak eta exijentziak.

Eta horrekin zalantza izpirik bazen, denak uxatu zituzten aurreko larunbatean, Lekunberrin, finalerdietako aurreneko saioan. Amets Arzallusek 746,5 puntutan jarri zuen langa, pronostiko guztiak betez; eta 733 puntu lortuta arrimatu zitzaion Beñat Gaztelumendi. Final laurdenetan erakutsitako mailari eutsi zioten Saioa Alkaizak (689,5) eta Xabat Illarregik (674,5), eta atzerago geratu ziren Xabat Galletebeitia (664) eta Gorka Pagonabarraga (624).

Finalerdietako bigarren saioa jokatuko da bihar, 17:00etan Eibarren; eta hernaniarrentzat aurpegi ezagunak izango dira tartean: Axier Azpiroz 'Azpi' zubietarra, Hernaniko Bertso Eskolako kidea; Nerea Ibarzabal markina-xemeindar Hernaniratua; eta Nerea Elustondo legazpiarra, bera ere bertako bertso eskolan aritu izan dena. Seikotea osatuko dute Alaia Martinek, Miren Artetxek eta Oihana Iguaranek.

 

Agin Laburu Gernika-Lumon, hurrengo asteburuan

Beste astebete itxaron beharko dugu, bailarako aurreneko ordezkaria bertsotan entzuteko. Gernika-Lumon ariko da Agin Laburu astigartarra, azaroaren 7an, 17:00etan. Saio polita egokitu zaio, ondoan izango baititu Aitor Mendiluze andoaindarra (Hernaniko Bertso Eskolako beteranoa hori ere) eta Joanes Illarregi leitzarra, Ipintzako entrenamendu berezietan maiz bertsokide izan dituenak. Haiekin batera, Aitor Bizkarra, Ane Labaka eta Aner Peritz ariko dira Gernikan.

Eta azaroaren 14an izango du finalerdietako saioa Andoni Rekondo hernaniarrak, Miarritzen. Saio potentea berea ere, puntako bost bertsokiderekin: Sustrai Colina, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Oier Etxeberria.

Saio horrekin bukatuko da finalerdietako aurreneko itzulia. Lau saiotan 24 bertsolari ariko dira guztira, eta horietatik 18 sailkatuko dira bigarren itzulira. Izan ere, hiru saio jokatuko dira orduan: azaroaren 21ean Donostian, hilaren 28an Gasteizen, eta abenduaren 5ean Bilbon. Oraindik zaila da asmatzen, zenbat puntu behar izan ditzaketen bigarren itzulira sailkatzeko.

 

Sarrerak agortuta, finalerako

Finalerako, berriz, itxura dauka 1.400 puntutik gora geldituko dela muga (bi itzulien artean). Eta zazpi txarteletako bat lortzea gogorra izango bada, dagoeneko ezinezkoa da finalerako sarrerarik lortzea: herenegun agortu ziren Nafarroa Arenarako sarrerak, abenduaren 20rako.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!