Bailarako txoko guztietan mozorrotuko dira etzi, Gau Beltza ondo ospatzeko

Julen Borreguero Fernandorena

Plazatik hilerrirako bidea osatzen da, Doberak antolatutako Gau Beltzan.

Hernaniko hainbat auzotan, Astigarragan eta Goizuetan izango dira, besteak beste, beldurrezko tunelak, aurpegi margoketak eta kalejirak.

Badator pertsonai beldurgarriez mozorrotzeko eguna, edo hobeto esanda gaua; badatoz beldurrezko tunelak, aurpegi margoketak eta kalejirak, Urumea bailarako hainbat txokotara. Badator Gau Beltza. Larunbat honetan esango diogu agur urriari, eta sartuko gara azaroan, kalabaza eta mamu artean.

Hernanin, hainbat auzotan ospatuko dute Gau Beltza, eta Dobera Euskara Elkarteak ere antolatu du ohiko egitaraua. Bestalde, Astigarragan eta Goizuetan ere prestatu dituzte hainbat jarduera, ospakizun gau honetarako.

Kalejira hilerrira, Doberak

Gau Beltzerako egun osoko egitaraua prestatu du Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak, eta biharko ere jarduera bat antolatu dute: herriko komertzio eta eraikinen apainketa, herriko eskolen laguntzarekin.

Eta larunbateko programa goizeko 11:00etan hasiko dute, kalabaza misteriotsuaren bila ariko baitira gaztetxoak, Atsegindegitik hasita (aurrez izena eman behar da, dobera.eus webgunean). Arratsaldean, Atsegindegin bertan, tailer beldurgarriak izango dira 16:30etan, eta batukada bertatik abiatuko da 18:30etan. Gero, 19:00etan, kalejirarekin juntatuko da batukada, Plazan, eta elkarrekin joango dira hilerriraino, bertan ekitaldi berezia egiteko. Azkenik, 20:00etan gaztain jatea izango da, Plazan.
 

Zikuñagan, urtero bezala, 'Halloween Labirintoa'

Zikuñaga auzoan, urtero antolatzen dute 'Halloween Labirintoa', eskoletan. 18:00etatik aurrera izango dute aukera bertaratzen direnek, beldurrezko zirkuituan murgiltzeko, eta ondo pasatzeko.

Kalabaza beldurgarrien lehiaketa haundia, Karabelen

Karabelen ere urriaren 31ko iluntzeko 18:00etan hasiko dute ospakizuna, 15 urtetik beherakoei zuzendutakoa. Beldurrezko tunela eta haurrentzako jolasak izango dira auzoan, baita Karabelgo Gau Beltzaren ekitaldia nagusia ere, kalabaza beldurgarrien lehiaketa haundia. Azken honetan ere, parte hartu dezakete 15 urtetik beherakoek, eta kalabaza entregatu beharko dute 18:00ak eta 18:30ak bitartean.

Jan-edana, Portu auzoan

Ziur Portun ere ez dela girorik faltako, larunbat honetan. 17:30etan hasiko dira aurpegi margoketarekin, eta behin denak prest daudela, mozorrotuta eta pintatuta, txokolatadari ekingo diote, 18:30etan. Eta arratsaldea borobiltzeko, tako-talo jatea egingo dute, 20:30etan. Horrela, izango da etxera afalduta bueltatuko denik. 

Aurreko urteetako argazkien erakusketa, Astigarragan

Astigarragan, Gau Beltzaren ospakizunaz gain, argazki erakusketa dago ikusgai Erriberan, aurreko urteetako Gau Beltzetako argazkiekin; larunbatera arte izango da zabalik. Aurtengo Gau Beltzari dagokionez, 18:30etan makilatzeko tailerra eta 'photocall'a izango dira larunbatean Foru plazan. 19:00etan antzerkia eta kalejira egingo dituzte, Murgia jauregitik abiatuta; baina aurretik, jendea biltzeko, adar deia egingo dute. Eta eguna borobiltzeko, beldurren erretzea, koplak eta mokadutxoa izango dira Foru plazan.
 

Ilunpetan ospatuko dute Gau Beltza, Goizuetan

Goizuetan, guraso elkarteak ere antolatu du Gau Beltzeko festa. Urriaren 31ko 18:45etan jarri dute hitzordua, herriko plazan, mozorrotuta. Pixka bat itxaron eta martxan jarriko dira, kalejira hasiko baita 19:00etan, ilunpetan gainera, kaleetako argiak itzaliko baitituzte. Ondoren, ekitaldia eginen dute, antzerkia alegia, eta eguna ondo bukatzeko, gaztain jateaz gozatzeko aukera izanen dute goizuetarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!