Urrea Eñaut Lizeagak eta zilarra Amaia Irazustabarrenak, Munduko Txapelketan

Julen Borreguero Fernandorena

Elkar besarkatu zuten Lizeagak eta Elorzek, finala irabazi ondoren.

Astigartarra munduko txapeldun bilakatu da eskuz binakakoan, Oier Elorzekin batera. Alize Sagardui goizuetarrak, berriz, ez ditu nahi lituzkeen emaitzak eskuratu azken partiduetan.

 

Sekulako asteburua izan da pasa dena, Euskal Pelota Selekzioarentzat, baita selekzioko Urumea bailarako ordezkarientzako ere. Alde batetik, sekulakoa egin du Eñaut Lizeaga astigartarrak, eskuz binakako txapeldun geratu baita, bere kide Oier Elorzekin batera. 10-7 eta 10-9 menderatu zuten ostiralean Espainiako bikotea, Canabalek eta Apeztegiak osatutakoa. Euskal Pilota Federaziotik azaldu bezala, Lizeagak partiduko «tanto ikusgarrienak» egin zituen, baina baita «ohi baino huts gehiago» ere. Lehen jokoan, Espainiako bikotea aurretik hasi zen, Lizeagaren hutsegiteez baliatuta; pixkanaka, ordea, Elorzek «bere nagusitasuna ezarri» zuen atzeko koadroetan, eta «Lizeagaren erremateei esker», euskaldunek lehen jokoa irabazi zuten.

Bigarren jokoan, euskal bikotea 4-0 aurreratu zen, baina «une txar bat» izan zuten, eta Canabalek eta Apeztegiak markagailuan aurrea hartzeko baliatu zuten hori. 7-9 galtzen ari zirela, «bi pilotarien kemena eta patxada erabakigarriak izan ziren joko oso zaila aurrera ateratzeko». Azken tanto estuetan, Elorzek berriro agindu zuen atzeko koadroetan: «zalantzarik gabe, finaleko pilotaria izan zen», adierazi zuten Federaziotik. FIPVren munduko txapelketa absoluto batean 36 metroko frontoiko eskuzko modalitateak lortutako lehen urrezko domina da, eta Astigarragara ekarri du Eñaut Lizeagak. 

 

Zilarra, Irazustabarrenak

Finalera iritsi zen Amaia Irazustabarrena hernaniarra ere, gomazko paletako banakakoan. Munduko Txapelketan zehar bere taldekidea izan den Nagore Martinek jokatu zuen final haundia, pasa den asteburan, eta Espainiako ordezkari gisa aritu den Maider Ardanazen aurka galdu zuen finala. Horrela, zilarra ekarri du Hernanira Amaia Irazustabarrenak. 

Federaziotik adierazi dutenez, Nagore Martínek «azken unera arte borrokatu zuen» Maider Ardanaz espainiarraren aurka (10-15 eta 13-15). Lehen jokoan, Ardanazek «bikain jokatu zuen», eta Martínek atzetik egin behar izan zuen une oro. 9-10era hurbildu zen, eta aurrea har zezakeela zirudien arren, Ardanazek «erritmoa bizitu» eta 10-15 irabazi zuen. 

Bigarrenean, Martín 2-0 aurreratu zen, baina Ardanazek erantzun eta berehala 2-7 jarri zen. Espainiarrak, sendo, 6-13koa lortu zuen; hala ere, Martínek «arriskatuz eta pilota guztiak borrokatuz» 13-14ra hurbiltzea lortu zuen. Azkenean 13-15 galdu zuen, «hirugarren jokoa behartzetik gertu». Horrela, nahiz eta txapelketan debutatu ez duen, harrotasunez esan dezake Amaia Irazustabarrena hernaniarrak munduko txapeldunordea dela Euskal Selekzioa ordezkatuz, gomazko paletan.

 

Emaitza gaziak Sagarduik, azkeneko partiduetan

Partidu garrantzitsuak izan ditu Alize Sagardui pelotari goizuetarrak pasatako azken bi asteburuetan, baina ezin izan du garaipenik lortu. Lehenik eta behin, Hiru hiriburuak txapelketaren finala jokatu zuen Sagarduik, urriaren 11n (igandea) Bilbon, bere kide Arrate Bergararekin batera. 22-19 galdu zuten finala, Ibarrola-Ozaeta bikotearen aurka.

Eta Urnietan izan zen herenegun (igandea, urriak 25), lau t'erdiko txapelketako bigarren kanporaketa fasea jokatzen (final hamaseirenetara pasatzeko gainditu beharreko fasea). Eta hura ere ez zitzaion suertatu goizuetarrari, 22-9 galdu baitzuen Aizane Ibarrolaren aurka.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!