Munduko txapelketako finalean da, Amaia Irazustabarrena hernaniarra

Julen Borreguero Fernandorena

Finalerako txartela lortu zuen herenegun, Amaia Irazustabarrena hernaniarrak.

Mexikoren kontra irabazi zuen atzo finalerdia, Nagore Martin taldekideak. Lizeagak gaur dauka, hitzordu haundia.

 

Finalera sailkatu da Amaia Irazustabarrena hernaniarra, Munduko Txapelketako gomazko paletako modalitatean, Euskal Selekzioaren ordezkari gisa. Atzo jokatu zuen finalerdia bere kideak, Nagore Martinek, eta Mexiko menderatu zuen, 2-0 (15-10 eta 15-6). Martin bera izan da ligaxkako bi partiduak zein finalerdia jokatu dituena, orain arteko partidu guztiak, alegia. 

Finalera begira jarriko ziren jada, Euskal Selekzioko gomazko palistak, gaur bertan baitute hitzordu haundia. Orain arteko dinamikak iradokitzen du Nagore Martin izango dela frontoian ariko dena, baina ondo legoke Amaia Irazustabarrenak debuta munduko txapelketako finalean egitea... Dena den, esan bezala, finala gaur jokatuko du Euskal Selekzioak, Espainiaren kontra, gaueko 23:00etan hasita. Faboritoa den Maider Ardanaz izango da Espainiako ordezkaria, baina Nagore Martinek menderatu zuen jada Ardanaz, txapelketako lehen partiduko desenpatean. 

 

Lizeagak ere, gaur finala

Eñaut Lizeaga astigartarrak ziurtatua zuen jada finalerako txartela, eskuz binakakoan. Modalitate honen kasuan, ligaxkako hiru partidu jokatu ostean, sailkapenenko bi onenen artean jokatzen da finala. Euskal Selekzioaren kasuan, lehen biak irabazi zituen, eta hirugarrena jokatu aurretik zuten finalerako txartela irabazita. 

Txandakatuz joan dira Euskal Selekzioko lau pelotariak: Lehen partiduan egin zuen debuta Lizeagak, Beñat Garmendiarekin batera, eta menderatu zuten Mexiko, 2-0; bigarren jardunaldian beste bi kideak aritu ziren, Beñat Azketa eta Oier Elorze, eta Frantzia menderatu zuten, 2-0; eta hirugarrengoan, pasa den asteartean, jokoan ezer izan gabe, aritu ziren Azketa eta Garmendia, eta Espainia 2-0 menderatuz zuten.

Horrela, finala jokatuko du Euskal Selekzioak gaur, 17:00etatik aurrera, Espainiaren kontra (nahiz eta azken partidua galdu, beste biak irabaziak zituen, eta finaleko txartela ziurtatua zuen). Hirugarren jardunaldia, jokoan ezer izan gabe, jokatu zutenez Azketak eta Garmendiak, eta aurreko bietan txandakatze-sistema modukoa erabili dutenez, logikoena izango litzake pentsatzea gaurko finala jokatzearen txanda dela Eñaut Lizeaga astigartarrarena eta Oier Elorzerena.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!