Funtsezko tresna jarri du herritarren eskura Añarbek, haiek uneoro informatuta egon daitezen, bereziki eurite garaietan, urtegiaren eta Urumea ibaiaren mailak gorakada izaten duenean: mugikorretarako aplikazioa sortu du, eta dagoeneko eskuragarri dago, doan deskargatzeko, Android zein iOS gailuetarako. Añarbe Info dauka izena.
«Herritarrenganako informazioa eta gardentasuna indartzeko» asmoz jarri du aplikazioa martxan, eta bertan, «denbora errealean» eskainiko dute informazioa, presaren egoeraren eta egiten diren maniobren inguruan. Izan ere, datu eguneratuak eskainiko dituzte presaren betetze-mailari, erregistratutako prezipitazioei eta urtegiko sarrera zein irteera emariei buruz.
Gainera, aplikazioan bertan izango da ikusgai Añarbe eta Urumea ibaien egoera zehatza, biek azkeneko orduetan izan duten bilakaera «modu arin eta irisgarrian» erakutsiz, eta koloreen bitartez adieraziz zer nolako egoeran dauden: berdea, horia, laranja eta gorria.
Bestalde, herritarrek 10 minuturo kontsultatu ahal izango dituzte azkeneko hiru egunetan erregistratutako datuak, grafikoen zein taulen bidez. Eta presan instalatutako kameren irudiak zuzenean izango dira ikusgai, aplikazioan bertan.
Mugikorrean jakinarazpen zuzenak jasotzeko aukera, abixuei eta parteei buruz
Aplikazioak badauzka beste bi atal garrantzitsu ere. Bata izango da presaren egoerari eta maniobrei buruzko informazio parteena, bertan argitaratuko baitituzte denak. Izan ere, bere konpromisoari eutsiko dio Añarbek prezipitazio iraunkorrengatik abixu bat aktibatzen denean, edota beste edozein gertaera garrantzitsuren aurrean. Eta beste atala abixuei dagokie. Horiek ere bertan emango dituzte aditzera.
Gainera, aplikazioak aukera emango die erabiltzaileei, mugikorrean jakinarazpen zuzenak jasotzeko, «jarduketa interesgarriei buruz». Horien artean daude, esaterako, urtegiaren hustuketen hasiera eta bukaera, informazio parteen argitalpena, eta presaren kudeaketarekin lotutako beste abixu batzuk.
Jakinarazpen horiek jaso ahal izateko, aplikazioaren notifikazioak jasotzea baimendu beharko du norberak, mugikorraren ezarpenetan.
Azkeneko atal bat ere badauka aplikazioak, dibulagazioari eskainitakoa. Horretan, azalpen edukiak bildu dituzte, «presaren funtzionamenduari eta uraren kudeaketan duen garrantziari buruz». Esteka bat ere gehitu diote, presara bisita egin nahi dutenek hitzordua eskatzeko. Ikastetxeei edota elkarteei zuzenduta dago bereziki.
Añarbeko urtegia, bere edukieraren %53an
Hilabete honen hasieran jakinarazi zuen Añarbek, azkeneko 20 urteetako mailarik bajuenean zegoela urtegia. %57,5koa zen betetze-maila momentu horretan, «aurre-alertatik urrun» oraindik ere; baina ordutik are gehiago jaitsi da. Atzo goizean, zehazki, %53,73an zegoen.