Ez da berehalakoan bukatuko Amaia Irazustabarrenaren eta Eñaut Lizeagaren egonaldia, Argentinan. Hernaniarra semifinaletan da gomazko paletan, eta astigartarrak finalerako txartela lortu du eskuz binakako lehian.
Irazustabarrenak eta Nagore Martin taldekideak bihar izango dute hitzordua, Mexikoren kontra, finalerako txartela eskuratzeko. Argentinan iluntzeko 20:00ak direnean hasiko da modalitateko bi semifinalen jaialdia, eta beraz, goizaldeko 01:00 izango da hemen.
Orain arte, Nagore Martinek jokatu ditu ligaxkako bi partiduak. Aurrenekoan, garaipen haundia lortu zuen Espainiaren kontra: desenpatean (15-11, 8-15 eta 10-4) menderatu zuen faborito nagusia, Maider Ardanaz. Bigarrenenean, ordea, ezin izan zuen Sabrina Andrade argentinarra gainditu asteartean, aurreneko seta 15-12 irabazi arren. Partidua berdintzea lortu zuen Andradek, bigarrena 10-15 irabazita. Eta desenpatean 8-4 aurreratu zen arabarra, baina unerik txarrenean egin zuen huts, eta argentinarrak markagailua irauli zuen azkenean (8-10).
Edonola ere, horrek ez zuen Euskal Selekzioa txartelik gabe utzi, eta Mexiko izango dute kontrario semifinalean. Ea Irazustabarrenak txapelketan debuta egiteko aukera daukan oraingoan.
Eñaut Lizeaga finalista, maila haundiko debuta eginda
Lizeagak, bere aldetik, gaur gauean jokatuko du ligaxkako hirugarren partidua, Espainiaren kontra, 21:00etan hasita (hemengo ordua); baina dagoeneko ziurtatuta dauka finalerako txartela. Izan ere, beraien kasuan ez da semifinalik jokatuko: ligaxkako bi onenek jokatuko dute finala zuzenean, eta Euskal Selekzioa eta Espainia izango dira horiek, aurreneko bi partiduak irabazi baitituzte biek.
Ostiralean izan zuen astigartarrak txapelketan debuta egiteko aukera, eta Beñat Garmendiarekin batera, 10-3 eta 10-4 menderatu zituen Mexikoko Guero eta Kevin. Berdintsuak izan ziren bi setak, bietan indartsu hasi baitziren mexikarrak; baina erdialdetik aurrera zuzenean egin zuten 10garrenerako bidea Lizeagak eta Garmendiak. Bikain aritu zen astigartarra, bolearekin min haundia eginez eta pelotari abiadura bizia emanez.
Igandean, berriz, bigarren garaipena lortu zuten Beñat Azketak eta Oier Elorzek, nagusitasun haundiz, Frantziako bikotearen kontra (10-0 eta 10-2). Horrekin, dagoeneko ziurtatu zuten finalerako txartela. Finalaren aurrerapen modura jokatuko dute ligaxkako hirugarrena gaur, Espainiaren kontra; eta ostiralean izango dute finala, arratsaldeko 19:00etan hasita (hemengo ordua).