Etxebizitza Asanblada etzi LABek deituta, greba orokorraren inguruan

Julen Borreguero Fernandorena

Plazan elkartu ziren, 2026ko martxoaren 17an izan zen greba orokorrean.

Ostegunerako deitu ditu Buruntzaldeako herritarrak, Biterin egingo den saiora.

 

Jakina den bezala, azaroaren 11rako greba orokorra dago deituta, 2026ko bigarrena izango dena (martxoaren 17koa eta gero). Eta horrekin lotuta, Etxebizitza Asanblada deitu du LAB sindikatuak eskualde mailan, ostegun honetarako. Buruntzaldeako herritarrak deitu ditu sindikatuak, etzi 18:30etan Biterin egingo den bilerara. Hain juxtu, grebarako aldarrikapen gisa nabarmendu ditu LABek «Euskal Herrian denontzat etxebizitza eta soldata duinak izatea, eta pobretzeari eta errentismoari aurre egitea».

Sindikatutik azaldu dituzte greba egiteko arrazoiak: «Ez gaude prest bizitzaren prekarizazioa eta pobretzea onartzeko, eta etxebizitza langileok pobretzeko arrazoi nagusietariko bat da, soldata kaxkarrekin batera. Egoera iraultzeko sakoneko aldaketak behar ditugu, eta horiek aldarrikatuko ditugu». Eskuin muturraren agendaren aurkako greba ere izango dela gaineratu dute.

Greba EAEko eta Nafarroako gobernuei eta patronalei zuzenduta dagoela ere nabarmendu dute, adieraziz «Madrilen higiezinen patronalarekin lerratu» direla EAJ eta UPN, eta «Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Hego EHn etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman» dietela.

Horregatik guztiagatik, greba orokorrarekin eskatu nahi zaie gobernuei, batetik, «bertako errealitatera egokitutako soldata duina ezartzea; gutxienez 1.500 eurokoa. Horrez gain, eros ahalmena mantenduko duten soldata igoerak eta soldata arrakalekin amaitzeko egiturazko neurriak eskatuko ditugu, baita soldata mantenduz lanaldi murrizketak ezartzea ere». Bestetik, etxebizitzari dagokionez, exijituko dituzte «errentismoarekin eta negozioarekin amaitzeko egiturazko neurriak: alokairu kontratu mugagabeak; alokairuen prezioak jaitsi eta merkatuak esku hartu; etxegabetxeekin amaitu; funts putreak desjabetu eta EHtik kanporatu; eta espekulazioa debekatu».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!