Bikain ekin dio Euskal Selekzioak, Munduko Euskal Pelota Txapelketari; eta ezin hobeto hasi da ibilbidea Urumea bailarako bi ordezkarientzat ere: semifinaletara bidean dira Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Eñaut Lizeaga astigartarra.
Hernaniarrak gaur jokatuko du partidu erabakigarria paleta gomaz, arratsaldeko 19:00etan hasita (hemengo ordua), Argentinaren kontra. Ligaxkako aurreneko partiduan, Irazustabarrenaren taldekideak, Nagore Martin arabarrak, garaipen haundia lortu zuen Espainiaren kontra: desenpatean (15-11, 8-15 eta 8-4) menderatu zuen faborito nagusia, Maider Ardanaz.
Multzoko bigarren jardunaldian, Espainia 15-6 eta 15-5 nagusitu zitzaion Argentinari. Gauzak horrela, dena alde dauka Euskal Selekzioak, semifinaletara sailkatzeko. Litekeena da Irazustabarrenak jokatzea gaurko partidua, Argentinaren kontrakoa. Porrot haundia jaso beharko luke hernaniarrak, semifinaletara ez sailkatzeko. Izan ere, hiru taldeetatik bik egingo dute aurrera, asteazken gauean jokatuko diren finalerdietara. Txile, Kuba eta Mexiko ari dira beste multzoan, eta horietako bat izango lukete kontrario.
Lizeagak, berriz, dagoeneko ziurtatuta dauka txartela, eskuz binakako semifinaletan aritzeko. Ostiralean, Lizeagak berak eta Beñat Garmendiak 10-3 eta 10-4 menderatu zituzten Mexikoko Guero eta Kevin. Berdintsuak izan ziren bi setak, bietan indartsu hasi baitziren mexikarrak; baina erdialdetik aurrera zuzenean egin zuten 10garrenerako bidea Lizeagak eta Garmendiak. Bikain aritu zen astigartarra, bolearekin min haundia eginez eta pelotari abiadura bizia emanez.
Igandean, berriz, bigarren garaipena lortu zuten Beñat Azketak eta Oier Elorzek, nagusitasun haundiz, Frantziako bikotearen kontra (10-0 eta 10-2). Horrekin, dagoeneko ziurtatu dute semifinaletarako txartela, eta multzoko aurreneko postua jokatuko dute Espainiaren kontra, ligaxkako azkeneko partiduan. Izan ere, Mexiko eta Frantzia menderatu dituzte espainiarrek ere. Bihar gauean izango da azkeneko partidua, 21:00etan hasita. Semifinalak, berriz, ostiral gauean jokatuko dituzte.