Martxan da Taldekako Bola Txapelketa

Beñat Los Arcos Ayerdi

Ur Miak bi garaipen pilatu ditu dagoeneko, eta asteburu honetan hasiko du bere ibilbidea Elur Txorik.

 

Martxan da Taldekako Bola Txapelketa, eta partehartzaileen artean dira, beste urte batez Ereñotzuko Ur Mia eta Hernaniko Elur Txori, gizonezkoetan, beste bost talderekin batera.

Ereñotzuarrek bikain ekin diote txapelketari. Joan den asteburuan, garaipen estu-estua lortu zuten etxetik kanpo, Ibarra Belauntzaren kontra, puntu bakarreko aldearekin (7,5-8,5). Eta dagoeneko jokatu du aste honetakoa ere, Ereñotzuko bolatokian, Zelai Ondoren kontra: nagusitasunez lortu zuen bigarren garaipena (11,5-4,5).

Elur Txorik, berriz, atsedena izan zuen aurreneko jardunaldian, eta asteburu honetan hasiko du bere ibilbidea. Seguran ariko dira hernaniarrak bihar goizean, 09:30etan hasita, Txoritegiren kontra.

Denera sei jardunaldi izango ditu talde bakoitzak ligaxkan, aurkari bakoitzaren kontra behin jokatuta. B multzoan ariko dira haiek, eta ligaxka bukatuta, multzoko lau talde onenak sailkatuko dira. Horrela, A multzoko sailkatuen kontra jokatuko dituzte semifinalak, eta lau talde irabazleak ariko dira finalean.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!