Santa Barbarako txokoak lasterketarako gune gisa berreskuratuta, Argitxo Trail probaren estreinako edizioa jokatuko da datorren larunbatean, urriaren 24an, Kontrakantxa gaztetxeak antolatuta. 7 kilometroko ibilbidea izango du, goizeko 11:00etan Hernaniko Plazan hasi eta bertan bukatuta, eta Santa Barbarako tontorreraino igota. Mendi bidea eta asfaltoa tartekatuko ditu, eta 300 metroko desnibel positiboa izango du.
Parte hartzeko, zabalik dago izenematea, kronoak.eus atarian, 8 euroan. Apuntatzen direnek, gainera, emailez jasoko dute inprimaki bat, lasterketaren kamixeta eskuratzeko aukerarekin (8 euro), edota kamixeta ez ezik bazkarirako txartela ere erosteko (12 euro). 14 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, eta 300 lagunentzat izango da tokia, gehienez ere.
Gainera, egun horretan beste modu batera parte hartzeko aukera ere zabaldu dute. Boluntario gisa aritu nahi dutenak, whatsappeko taldean sartu daitezke, helbide honetatik: labur.eus/argitxotrailboluntarioak. Eta bazkarian parte hartu nahi dutenek, Txilin eta Kiden dauzkate tiketak salgai.
Urteko bigarren estreinaldia izango da, bailarako mendi lasterketei dagokienean. Izan ere, aurrenekoz jokatu zen Basatrail ere, irailean Astigarragan.
Hodei Lujanbio goizuetarra, garaipenak pilatzen
Mendi lasterketekin jarraituta, bestalde, garaipenak eta ohorezko postuak pilatzen du Hodei Lujanbio goizuetarrak. Lasarte-Oriako Mendi Lasterketa irabazi zuen irailaren 27an; Argedaseko Santxikorrota proban bigarren izan zen astebete beranduago; eta Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketan maratoi erdia eta sailkapen nagusia irabazi zituen joan den asteburuan, gaueko proban bigarren sailkatuta.