Abizenak euskeratzeko deia egin dute Buruntzaldeako udalerrietako euskera zerbitzuek, 'Apelliduak Abizendu' programarekin. 2000 urtetik ari dira lanean kanpaina honen bueltan, eta geroztik 1.000 lagunek baino gehiagok euskeratu dituzte haien deiturak. Halere, «oraindik asko dira erderazko grafiaz idazten diren euskal abizenak».
'Apelliduak Abizendu' eskualdeko sei udaletako euskara zerbitzuek elkarlanean bultzatzen duten ekimenetako bat da, «euskeraren erabilera eta normalizazioa herritarren egunerokoan sustatzeko». Halaber, gogorarazi dute izen-abizenak euskeratzea herritarren eskubidea dela.
Prozesua doakoa da
Prozesuari buruzko informazioa zabaltzeko, 1.000 informazio orri jarri dituzte eskuragarri, herri guztietako udal eraikin ezberdinetan. Tramitea egiteko aurkeztu behar da ondorengo dokumentazioa: errolda-agiria, jaiotza-agiri literala, NANaren fotokopia eta familia liburua edo haren baliokidea.
Dokumentazio horrekin, herriko bake-epaitegira joatea litzateke hurrengo urratsa, eta bertan burutuko dute izen-abizenen aldaketa. Zalantzak argitzeko zein informazio gehiago eskuratzeko, herriko bake-epaitegira deitu daiteke (Hernanin 943 55 28 36, eta Astigarragan 943 33 52 36).
Bestalde, izen-abizenak euskeratzerakoan, zalantza bat izan daiteke bakoitzaren izen-abizenak euskerazko grafian zehazki nola geratuko liratekeen. Baina hori kontsultatzeko aukera dago, Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datubasean (EODA). Bertan azaltzen direnak euskeratu daitezke.