Aspaldiko partez jokatu zuten derbia Hernaniko eta Mundarroko mutilen talde nagusiek, ostiral gauean Zubipen; eta ezusteko haundia eman zuten astigartarrek. Iñigo Mendiburuk 88garren minutuan sartutako golari esker, hiru puntuak eraman zituzten Hernanitik (0-1), berdeen liga hasiera bikainari bukaera emanez.
Horrekin, Erregional Preferenteko lidertza galdu du Hernanik, Antigua-Luberriren mesedetan; baina 9 punturekin berdinduta daude biak. Mundarro, berriz, bosgarren postura igo da, baina Ostadar hirugarrenarekin berdinduta dago, 8 punturekin. Moreek ez dute partidurik galdu oraindik, bi irabazi eta bi berdinduta.
Bolada onari segida emateko, etxean ariko da Mundarro, datorren larunbatean: Santo Tomas Lizeoa izango du bisitari, 16:00etan Zarkumendegin. Hernanik, berriz, Zubietan jokatuko du igandean, derbiko porrota atzean utzi nahian: Deustoren kontra ariko da, 18:00etan.
Hernanik ezin garaipena lortu, Tolosaren kontra
Hernaniko neskek, berriz, beste puntu bat pilatu zuten Tolosaren kontra, Zubipen bertan. Golik gabe bukatu zen RFEF Hirugarren Mailako partidua, larunbat arratsaldean (0-0). Bigarren berdinketa jarraian dute berdeek etxean, aurreko asteburuan Mariñorekin bina bukatu ondoren. Garaipena nahi zuten hernaniarrek, baina puntuak pilatzen jarraitzen dute, eta garbi erakutsi dute kategoria berria ez zaiela haundi geratzen.
Datorren larunbatean daukate hurrengo erronka, etxetik kanpo: Alaves B izango dute kontrario, Gasteizen, arratsaldeko 17:30etan hasita.