Historikoa izango da aurtengo Munduko Euskal Pelota Txapelketa, urriaren 15etik 24ra Argentinan eta Uruguain jokatuko dena. Izan ere, aurreneko aldiz ofizialtasunean ariko da Euskal Selekzioa Mundialean. Eta taldea osatuko duten 41 pelotarien artean izango dira Amaia Irazustabarrena palista hernaniarra eta Eñaut Lizeaga esku pelotari astigartarra.
Hirugarren Mundiala du Irazustabarrenak, 2014an Mexikon eta 2018an Bartzelonan Espainiako selekzioarekin aritu ondoren. Zilarrezko domina jantzita bueltatu zen bietan. Orduan bezalaxe, gomazko paletan ariko da oraingoan ere, 30 metroko frontoian, Nagore Martin arabarrarekin batera. Ez du lan erraza izango orduko balentriak errepikatzen, lehia bizia izango baita modalitate horretan.
Eñaut Lizeaga, berriz, estreinakoz ariko da Munduko Txapelketan, baina ederki indartuta abiatu da haruntza. Izan ere, Mundarroko taldekideen, familiaren, lagunen eta Udalaren babesa jaso zuen ostiralean, Txomiñenen egin zioten ekitaldi xumean. Eskuzko modalitatean ariko da astigartarra, 36 metroko frontoian. Honakoak izango ditu taldekide: Beñat Azketa, Beñat Garmendia, Ekhi Irribarria, Gaizka Carregal eta Oier Elorz.
Irazustabarrenak Espainiaren kontra hasiko du txapelketa, ostegunean bertan, 14:00etan. Ligaxkako bigarren partidua astelehenean jokatuko du, Argentinaren kontra, 14:00etan hori ere.
Lizeagak, bere aldetik, ostiralean izango du estreinako partidua, 17:00etan, Mexikoren kontra. Ondoren, Frantziaren kontra ariko da igandean, 17:00etan; eta Espainiaren kontra asteartean, 16:00etan.
Modalitate bakoitzean, ligaxkako lau talde onenak sailkatuko dira finalerdietara.