Finalerdietarako txartela lortu dute Agin Laburuk eta Andoni Rekondok, ezin estuago

Beñat Los Arcos Ayerdi

Aurrera egin duten 17 bertsolarien artean, azkeneko biak izan dira astigartarra eta hernaniarra, 660,5 eta 660 punturekin, hurrenez hurren. Puntu erdi atzerago geratu da lehenengo kanporatua.

Urumea bailarako bi ordezkari izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerdietan, kasik bihotzekoak jotzeko moduko asteburuan. Txartela lortu dute Agin Laburu astigartarrak (660,5 puntu) eta Andoni Rekondo hernaniarrak (660 puntu), ezin estuago: beraiek izan dira aurrera egin duten 17 bertsolarien artean azkeneko biak, eta apenas puntu erdi atzerago sailkatu da Eneko Araiztegi, lehenengo kanporatua. Horri errematea jartzeko, Hernaniko Bertso Eskolako beste kide bat, Asier Azpiroz 'Azpi' zubietarra, izan da 15garrena, 661 punturekin.

Gotaine-Irabarnen aritu zen Rekondo larunbatean, eta bigarren sailkatu zen, Xabat Illarregiren (676,5 puntu) atzetik. Zailena eginda zeukan hernaniarrak: juxtu-juxtu, baina 660 puntuko koxka imaginarioa gainditu zuen, eta horrekin, nahikoa zuen igandeko saioan bi bertsolari atzetik sailkatzea. Ba ez zitzaion puntu erdirik ere sobratu azkenerako, puntuazioak altuagoak izan baitziren Aguraingo saioan, igandean. Agin Laburu bera, 660,5 punturekin, saioko laugarrena izan zen, Nerea Elustondoren (695,5), Gorka Pagonabarragaren (663) eta Asier Azpirozen atzetik. Lasaitu ederra hartuko zuten, bai hernaniarrak eta bai astigartarrak, 17 horien artean zeudela jakitean.

Izango dute tarterik sustoa gainditzeko, hilabete barru ariko baitira finalerdietako aurreneko itzulian. Hirugarren saioan ariko da Laburu, azaroaren 7an Gernika-Lumon. Bertsokide izango du Aitor Mendiluze andoaindarra, Hernaniko Bertso Eskolako kide; eta baita honako lauak ere: Joanes Illarregi, Aitor Bizkarra, Ane Labaka eta Aner Peritz.

Hurrengo asteburuan ariko da Rekondo Miarritzen, azaroaren 14an. Honako boskotea izango du lagun hernaniarrak: Sustrai Colina, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Oier Etxeberria.

Aurretik jokatuko dira beste bi saioak, bi aste barru hasita. Urriaren 24an, Lekunberrin kantatuko dute Amets Arzallusek, Beñat Gaztelumendik, Gorka Pagonabarragak, Saioa Alkaizak, Xabat Galletebeitiak eta Xabat Illarregik. Eta urriaren 31n, Eibarren ariko dira Asier Azpiroz, Nerea Ibarzabal, Nerea Elustondo, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran.

Hortaz, denera 24 bertsolari ariko dira finalerdietako aurreneko itzulian, eta 18 sailkatuko dira bigarrenera, azkeneko hiru saioak jokatzeko. Horietatik aterako dira finalerako zazpi txartel garestien jabeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!