Asteburu honetan jokatuko dira azkeneko bi kanporaketak, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehenengo fasean; eta bietan izango da Urumea bailarako ordezkari bana: Andoni Rekondo hernaniarra Zuberoako Gotaine-Irabarnen ariko da gaur; eta Agin Laburu astigartarrak Arabako Agurainen izango du bere saioa bihar. Bi kasuetan, arratsaldeko 17:00etan hasiko da.
Rekondok honako bost bertsokideak izango ditu alboetan oholtzan: Aitor Etxebarriazarraga, Ekhiñe Zapiain, Onintza Enbeita, Unai Mendizabal eta Xabat Illarregi, gai-jartzaile Ekhi Erremundegi dutela. Labururekin, berriz, honakoak ariko dira: Aissa Intxausti, Gorka Pagonabarraga, Irantzu Idoate, Nerea Elustondo eta Asier Azpiroz 'Azpi' zubietarra, Hernaniko Bertso Eskolako kidea. Irati Martinez izango dute gai-jartzaile.
Bi saioetako irabazleek zuzenean lortuko dute finalerdietarako txartela, eta gainerakoek puntuazioei begiratu beharko diete. Izan ere, zazpi kanporaketetako irabazleekin batera, beste 10 bertsolarik egingo dute aurrera, puntuazioaren arabera. Une honetan Txaber Altubek markatzen du muga hori, 648,5 punturekin; baina ziurrenik 660 puntu edo gehiago lortu beharko ditu, finalerdietara sailkatu nahi duenak.
Ez dira horien artean izango Eñaut Martikorena hernaniarra eta Eli Pagola ereñotzuarra, 637,5 eta 639 puntu lortu baitzituzten beraien kanporaketetan, hurrenez hurren. Koxka gainditzen saiatuko dira Rekondo eta Laburu, finalerdietan bailarako ordezkaririk izan dadin.