Hernaniko neskak oso sendo, eta mutilak lider derbiaren aurretik

Beñat Los Arcos Ayerdi

Mariñorekin 2-2 berdindu zuten neska berdeek etxean, hirugarren garaipena lortu zuten mutil hernaniarrek San Pedron (0-1), eta berdinketa lortu zuten Mundarroko mutilek ere, Usurbilen kontra (1-1).

Ostiral gauean jokatuko dute derbia Hernaniko eta Mundarroko mutilek, 21:00etan Zubipen.

Ondo ekin diote denboraldiari, Urumea bailarako hiru futbol talde nagusiek. Nesken RFEF Hirugarren Mailan, oso sendo jarraitzen du Hernanik, eta beste puntu bat pilatu zuen joan den larunbatean, Mariño Real Unionen kontra (2-2), aho zapore gazi-gozoa geratuko zitzaien arren. Ia hasieratik izan ziren aurretik markagailuan, Enire Beainen golari esker; eta berdinduta iritsi ziren atsedenaldira, irundarrek 39an sartuta. Berdeen lan onak 10 minuturen faltan eman zuen bere fruitua, Ainhoa Beltran de Herediaren golarekin: kontraerasoan, oso aurreratuta harrapatu zuen atezaina, eta urrutiko jaurtiketarekin jarri zuen taldea markagailuan aurretik. Etxekoen poza, ordea, hiru minutu beranduago zapuztu zuen Mariñok, berdinketaren gola sartuta.

Mutilen Erregional Preferentean, berriz, porrotik jaso gabe jarraitzen dute Hernanik eta Mundarrok. Are gehiago, berdeek hiru partiduetan lortu dute garaipena, azkenekoa Sanpedrotarraren zelaian, Ibai Ezeizak partiduaren hasieran sartutako golari esker (0-1). Horrela, sailkapeneko buru dira hernaniarrak. Mundarrok, berriz, berdinketa lortu zuen etxean, Usurbilen kontra (1-1). 87an lortu zuen berdinketaren gola Iñigo Mendiburuk, usurbildarrek 20 minutu lehenago sartutakoa parekatzeko. Partidu bat irabazi eta bi berdinduta, seigarren daude moreak, sailkapenean.

Dinamika on horretan iritsiko dira bi taldeak derbira: ostiral honetan ariko dira elkarren kontra, gaueko 21:00etan hasita, Zubipen. Bietako baten bolada ona etengo da ziur, emaitza edozein dela ere: bietako baten estreinako porrota, edo hernaniarren aurreneko jardunaldia irabazi gabe.

Hernaniko neskak, berriz, etxean ariko dira asteburu honetan ere: Tolosa izango dute bisitari larunbatean, arratsaldeko 17:30etan Zubipen. Puntuak hirunaka pilatu nahi dituzte berdeek berriro, eta erronka polita daukate zaleen aurrean.

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!