Burrunba Eguna ospatu zen pasa den larunbatean, Urnietako Lekaio kultur etxean

Julen Borreguero Fernandorena

Hitzaldia, jan-edana, bertso saioa, eta parranda euskera hutsean izan ziren.

Burrunba Eguna ospatu zuten pasa den larunbatean (urriak 3) Urnietako Lekaio kultur etxean. Euskal Herrian Euskaraz-eko Estitxu Uhalde eta Ibon Leibar kideen hitzaldiak eman zion hasiera Burrunba Egunari. Bertan, gazte euskaltzaleen erronkak izan zituzten hizpide, eta «entzuketa ariketa soila baino, elkarrekin pentsatzeko zein hausnartzeko espazio bilakatu genuen» Urnietako Lekaio kultur etxea. Adin ezberdinetako euskaltzaleak bildu ziren hitzaldiaren baitan: gazte eta helduak, euskaraz eta euskaratik pentsatzen.  

Horren ostean, paella eta sagardoa nagusitu ziren Plazido Muxika plazan, eta «euskeraz bizi nahi dugula aldarrikatu genuen 150 gazte euskaltzalek». Jarraitzeko, bertsotan aritu ziren Iker Ormazabal “Tturko” eta Iker Goñi bertsolariak, eta gaijartzaile lanak egin zituen Irati Zinkunegik. Bazkaloste musikatuari ekin zioten jarraian, eta «euskal musika gailendu zen bingo musikatuan». Urnieta, Hernani eta Astigarragako sortzaile zein komertzioek emandako produktuei esker «bingo musikatu ederraz gozatu ahal izan genuen hiru herrietako gazte euskaltzaleok».  

Burrunba Egunari amaiera emateko, parranda euskara hutsean egin zuten Kandela tabernan: «Egun borobila izan zen, eta euskaraz ongi pasatzeko aukera badagoela erakutsi genuen», ondorioztatu zuten Burrunba taldeko kideek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!