Irailaren 30ean bukatu zen urte hidrologikoa, eta datu kezkagarriekin itxi du Añarbek: «Prezipitazio erregistro txikiena izan dugu, 1988ko urritik 1990eko martxora bitartean Euskadi astindu zuen lehortetik. Azkeneko 12 hilabeteetan, Añarbeko presan 1.635 litro bildu dira metro karratuko; hau da, %21eko defizita izan da ohiko batazbesteko prezipitazioarekiko (2.065 litro metro karratuko). Euri eskasia bereziki areagotu da joan den apiriletik, azkeneko seihilekoan ohi baino %40 prezipitazio gutxiago erregistratu baita».
Gauzak horrela, Añarbeko Urakek azaldu du «hirugarren urte hidrologiko lehorrena» izan dela hau, 1971n Añarbeko presan datuak erregistratzen hasi zirenetik. 1988-1989 eta 1989-1990 urteetakoak dira bi lehorrenak, metro karratuko 1.113 eta 1.423 litrorekin, hurrenez hurren. «Garai hartako lehorte luzearen ondorioz, ur-hornidura eten egin behar izan zen, gaueko hamabietatik goizeko seiak arte, 1989ko abenduaren 21etik 1990eko maiatzaren 1era bitartean», gogorazi dute.
Aurtengoari dagokionez, nabarmendu dute irailean ohi baino %77 euri gutxiago egin duela, eta uztailean %58 gutxiago. Gainera, beste zortzi hilabetetan ere izan da batazbestekoa baino prezipitazio gutxiago; denetan, otsailean eta martxoan izan ezik.
Añarbek azaldu du, gainera, prezipitazio eskasiari «udako hilabeteetan izandako bero haundia» gehitu behar zaiola, eta horrek eragina izan dutela uraren eskarian: %4,1 igo zen udako hilabeteetan, eta %13ko igoera puntualak ere izan ziren muturreko beroaren eraginez.
Gauzak horrela, urtegia «azkeneko 20 urteetako mailarik bajuenean» dago gaur egun, «baina Lehorte Planean ezarritako alerta aurreko atlasetik urrun dago oraindik. Zehazki, egungo betetze maila %57,5koa da, eta urrian murrizketak aplikatu ahal izateko lehenengo eszenatokia, berriz, %26,4koa litzateke». Hortaz, ur-hornidura «bermatuta» dago datozen hilabeteetarako, eta espero dute «prezipitazioen erregimena normalizatzea eta Añarbeko arroaren ezaugarri izan ohi diren euri ugariak itzultzea, Penintsula osoan urteko batazbesteko prezipitazio haundiena duen eremuetako bat baita».