Berdeen aurreneko porrota, Añorgan

Beñat Los Arcos Ayerdi

Azkeneko minutuetan egin zion ihes garaipenak Hernaniri, Añorgan, RFEF Hirugarren Mailan. Garazi Lizarragak 13garren minutuan lortutako golari esker, azkeneko ordu laurdenera aurretik iritsi ziren berdeak; baina bi gol ia segidan sartuta (79an eta 82an) irauli zuen markagailua Añorgak, eta ligako aurreneko porrota pilatu zuten hernaniarrek. Liga hasiera borobila etenda ere, sailkapeneko laugarren postuan daude berdeak, sei punturekin.

Mutilen Erregional Preferentean, berriz, albiste onak bailarako bi taldeentzat. Hernanik garaipena lortu zuen etxeko estreinako partiduan, Allerruren kontra (2-0), Ibai Larburuk 70ean eta Iker Unzurrunzagak 72an lortutako golekin. Horrela, bitik bi irabazi ditu momentuz, eta sailkapeneko lider jarri da.

Eta Mundarrok ere hiru puntuak ekarri zituen Urnietatik, 0-2 nagusituta, Luis Manuel De Jesusen (30garren minutuan) eta Aimar Zamoraren (37an) golei esker. Bi jardunalditan lau puntu pilatuta, sailkapeneko laugarren postura igo dira astigartarrak, bigarrenarekin berdinduta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!