Burrunba Eguna antolatu dute Urnietan hurrengo larunbaterako, urriaren 3rako alegia. Hernanin jaio zen eta Astigarragara zein Urnietara zabaldu berri den Burrunba taldeak antolatu du.
12:30etan hasiko da, San Juan plazan. Euskal Herrian Euskarazeko kide batek emango du hitzaldia: 'Zein erronka ditugu gazte euskaltzaleon gure herrietan?'.
Ondoren, bertso bazkaria izango da Egape Ikastolan. Tiketak salgai daude 15 euroan, Astigarragako Zipotza, Hernaniko Zintzarri eta Urnietako Matxo tabernetan. Irailaren 27a izango da azken eguna, tiketak erosteko. Iker Goñi eta Iker Ormazabal 'Tturko' izango dira bertsotan, eta Irati Zinkunegi gaia jartzen.
Bazkaloste musikatua antolatu dute gero, Mujika plazan. Eta eguna borobiltzeko, 20:00etarako deitu dute jendea, euskera hutsean juerga egitera.