Joan den astean ekin zioten Gipuzkoako Binakako Txapelketari, bailarako esku pelotariek; eta baita ederki ekin ere: seniorretan, bikote gehien-gehienek lortu zuten garaipena estreinakoan.
Mutilen ohorezko mailan, nagusitasunez irabazi zuen Hernanik, Xabi Apaolazaren eta Iñigo Erle oñatiarraren eskutik, Tolosako Altunaren eta Segurolaren kontra (22-13). Eta lehenengo mailan, garaipena lortu zuen Mundarroko Oihan Etxeberria oiartzuarrak eta Eneko Beloki andoaindarrak, Aurrerako Landaren eta Etxeberriaren kontra (22-15).
Nagusien hirugarren mailan, gainera, lautik hiru irabazi zituen Hernanik: garaipenarekin ekin zioten Xuban Iturbe-Oier Azpeitia, Amets Makatzaga-Oihan Legarreta eta Unai Etxarri-Josu Altuna bikoteek. Eta horri gehitu behar zaio, jubenilen lehenengo mailan ere bikain hasi zutela txapelketa Ekhi Osesek eta Lier Zugastik, Abantzuko Zabala eta Urrestilla 22-12 menderatuta.
Bigarren jardunaldia ere hasi dute, eta askok jokatu dute dagoeneko, Astigarragan zein etxetik kanpoko partiduetan. Hernanin ariko direnek, gaur 11:00etan eta 18:00etan jokatuko dute kiroldegian. Eta Txomiñenen ere izango da eskuzko partidu garrantzitsu bat gaur: nagusien lehenengo mailako mutilek jokatuko dute 11:00etan.
Palistak ere, martxan
Esku pelotariek baino astebete beranduago, aste honetan hasi dute txapelketa palista gehienek, nesketan zein mutiletan. Bikote ugarirekin ariko dira Mundarro eta Hernani, kategoria ezberdinetan. Horrela, Hernanik bi bikote izango ditu nesken lehenengo mailan (ostegun iluntzean jokatu zuten elkarren kontra), eta Mundarrok izango du bikote bat mutilen lehenengo mailan (Aian ariko dira gaur).
Nesken bigarren mailan izango ditu beste hiru bikote Hernanik. Mutilen bigarren mailan bikote bana izango dute hernaniarrek eta astigartarrek, eta hirugarrenean bi bikote Hernanik. Lau partidu jokatuko dira gaur Hernaniko kiroldegian, 15:30etan hasita: bigarren mailako nesken hiru bikoteak ariko dira, eta bigarren eta hirugarren mailako mutilen bikote bana.