Berezia izango da gaurko arratsaldea Zubipen: estreinako partidua jokatuko du Hernanik etxean, emakumezkoen RFEF Hirugarren Mailan. Eta joan den astean denboraldiko aurreneko partidua irabazita (Eibarri 2-3), liga hasiera borobildu nahi dute berdeek, gaurkoa festa polita izan dadin. Pauldarrak taldea izango dute bisitari, arratsaldeko 17:30etan hasita.
Aspaldiko ezaguna da Barakaldoko taldea, Euskal Ligatik igo berria baita, hernaniarrak bezalaxe. Bizkaitarrek, ordea, porrotarekin ekin zioten etxean, aurreko asteburuan, Añorgaren kontra (2-4).
Mundarroko eta Hernaniko mutilek bihar ekingo diote Erregional Preferenteari
Mutiletan, berriz, asteburu honetan hasiko dute denboraldia Mundarroko eta Hernaniko talde nagusiek. Erregional Preferentean ariko dira biak aurten, eta bihar jokatuko dute estreinako partidua. Etxean ariko dira astigartarrak, 16:00etan Zarkumendegin, Danenaren kontra.
Hernaniarrek, berriz, Donostiako Puio zelaian jokatuko dute 15:30etan, Vasconiaren kontra, Ohorezko Mailara bueltatzeko bidea hasteko.