Nobedadez nobedade, mendi lasterketetan: Basatrail irailean eta Argitxo Trail urrian

Beñat Los Arcos Ayerdi

Hainbat korrikalari Santa Barbaran gora, 2017ko Txantxillako Krosean.

Irailaren 26an izango da Santiomendiko probaren estreinako edizioa, eta egun hauetan iragarri dute Santa Barbarakoaren sorrera.

 

Gero eta indar haundiagoa hartzen ari dira mendi lasterketak Urumea bailaran, eta Ereñotzuko eta Goizuetako probei, bi berri batuko zaizkie datozen asteotan. Izan ere, gauza jakina zen Basatrail mendi lasterketa jokatuko dela irailaren 26an Astigarragan, Santiomendin barrena; eta egunotan iragarri du Kontrakantxa gaztetxeak Argitxo Trail probaren sorrera: urriaren 24ean izango du estreinako edizioa.

Oraingoz, datarekin batera, soilik aurreratu dute 7 kilometroko lasterketa izango dela, San­ta Barbaran barrena, duela urte batzuk Txantxillako Jaietan egiten zen bezalaxe. Datozen egunetan zabalduko dute informazio gehiago.

 

300 partehartzaile baino gehiago, Basatrailen

Azkeneko prestaketekin ari dira Astigarragan, Basatrailen aurreneko ediziorako. Izenematea zabaldu eta berehala agortu ziren dortsalak, baina gerora onartu dituzte gehiago ere, itxaron-zerrendatik. Horrela, denera 300 korrikalari baino gehiago izango dira bi distantzietan.

Goizeko 09:30etan abiatuko dira lasterketa luzekoak Foru Plazatik, 17 kilometroko ibilbidea osatzeko, 760 metroko desnibel positiboarekin. Motzekoak (8 kilometro, 430 metro positibo) 10:00etan jarriko dira martxan.

Ibilbideari buruzko xehetasun askorik ez dute eman nahi izan antolatzaileek oraingoz, baina aurreratu dute ibilbide luzeko korrikalariak bi bider pasako direla Santiomendiko ermitatik, eta motzekoak behin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!