Asteburu honetan hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia

Beñat Los Arcos Ayerdi

Azpeitian egin zuten txapelketaren aurkezpen ekitaldia, joan den astean. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi /Bertsozale Elkartea

Urumea bailarako bost bertsolari eta hiru gai-jartzaile ariko dira txapelketan, eta Eñaut Martikorena hernaniarra izango da abesten aurrenekoa, irailaren 26an Altsasun.

 

Iritsi da lau urtean behineko hitzordua, zita seinalatua Urumea bailarako herritar askoren agendetan: hastera doa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Tira, beharbada gehientsuenek abenduaren 20koa izango dute gorriz markatuta, egun horretan jokatuko baita final haundia, Iruñean. Baina beste hainbatek hasiera-hasieratik egingo diote jarraipen estua txapelketari, asteburu honetan bertan hasita: Hazparnen jokatuko da final laurdenetako aurreneko saioa, larunbatean.

Bertan ez da ariko bailarako bertsolaririk kantuan, baina bai datorren astetik aurrera. Denera bost izango ditugu ordezkari, eta haien artean Eñaut Martikorena jarriko da mikrofonoaren aurre­an lehenengo: irailaren 26an, Altsasun. Hernaniarrak bezala, final laurdenetan ekingo diote beste hiruk: Eli Pagola ereñotzuarrak urriaren 4an, Tolosan; Andoni Rekondo hernaniarrak urriaren 10ean, Gotaine-Irabarnen; eta Agin Laburu astigartarrak urriaren 11n, Agurainen. Bailarako bosgarren ordezkaria, noski, Maialen Lujanbio izango da. Finalean ariko da hernaniarra zuzenean, 2022an txapeldun izan zen aldetik.

Beste zazpi txartelak eskuratzeko lehian ariko dira, denera, 49 bertsolari. Final laurdenetan hasiko dira 42, eta 17 pasako dira finalerdietara: zazpi saioetako irabazleak, eta gainerakoetatik 10 onenak puntuazioz. Haiei batuko zaizkie 2022ko beste zazpi finalistak, eta bi itzulitara jokatuko dute fase berria: finalerdietako lau saio izango dira aurrena, eta horietako 18 onenak ariko dira bigarren itzulian, hiru saiotan. Bi itzulietako puntuazioak hartuko dituzte kontuan, aurtengo zazpi finalistak erabakitzeko.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude, bertsosarrerak.eus atarian, finalekoak izan ezik; horiek aspaldi agortu ziren.

Esan bezala, bailarako bost herritar ariko dira bertsotan, baina beste hiru hernaniar ere izango dira txapelketan, epaile lanetan: Estitxu Agirre, Iñigo Legorburu eta Bakarne Urreaga.

 

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!