Hautagai nagusi ziren, oso garbi izan ere, Kontxako Bandera irabazteko. Baina estropadak jokatu egin behar dira, eta ezin hobeto jokatu zuen berea Arraun Lagunakek, traineru denboraldi osoan egin bezalaxe. Ohorezko txanda 10 segunduren aldearekin irabazita, bandera preziatua lortu zuen traineru txuri-urdinak, emakumezkoetan. Eta puska bat, puska ederra, Hernanira ekarri du Maren Etxabek: Kontxako bi igandeetan aritu da Arraun Lagunaken ababorreko bigarren tostan. Honekin, denboraldi ikaragarria borobildu du hernaniarrak. Denboraldiko estropada guzti-guztiak irabazi ditu Arraun Lagunakek, eta Etxabe ia beti izan da titular.
Gizonezkoetan, berriz, pozik egoteko moduan dira Donostiarra traineruko sei urumearrak: Ander Balda, Iker Imaz, Jon Iruretagoiena, Unai Loyarte, Xabat Pastor eta Aratz Tejedor. Ezin izan zioten ezustekorik eman Oriori, baina meritu haundiko bigarren postuari eutsi zioten bigarren igandean.
Ezin izan zuen hori lortu Jone Pastorrek Tolosaldearekin, emakumezkoetan, San Juanek hartu baitie aurre sailkapen nagusian. Hirugarren izan dira azkenean. Amaiur Olaiz eta Nora Urbe bosgarren izan dira Hibaikarekin, aho zapore onarekin bukatuta: lehenengo txanda irabazi zuten herenegun. June Balda zazpigarren sailkatu da Donostiarrarekin, eta Nahikari Qian Artano zortzigarren Zarautzekin.
Gizonezkoetan, Jokin Iraolaren Getariak postu bat egin zuen gora sailkapen nagusian, eta seigarren bukatu du.