Udako txapelketa sorta zabala atzean utzita, hasi dute torneo ofizialen denboraldia Urumea bailarako pelotariek. Horrela, aste honetan ekin diote Gipuzkoako Binakako Txapelketari, eskuz zein palaz. Hernaniko eta Mundarroko bikote ugari ariko dira bietan, kategoria ezberdinetan; eta egun hauetan hasiko dute bere ibilbidea askok, eskuz bereziki. Palaz, datorren astean ekingo diote ia maila guztietan.
Atzo jokatu zuenik ere bada, baina gaur eta bihar daukate estreinako hitzordua gehienek. Hernanin, esaterako, nagusien mailako hiru partidu eta jubenilen beste bat jokatuko dira gaur 19:00etatik aurrera, kiroldegian. Horietako bat izango da nagusien Ohorezko Mailakoa, Xabi Apaolazak eta Iñigo Erlek jokatuko dutena, Tolosaren kontra. Bihar, berriz, 11:00etan hasita izango dira beste bi partidu Hernanin, kadete mailakoak. Beste hainbatek kanpoan jokatuko dute aurreneko partidua. Ekhi Oses eta Lier Zugasti jubenilak, esaterako, Zestoan ariko dira gaur, 19:00etan.
Astigarragan, berriz, kadete mailako lau partidu jokatuko dituzte gaur bertan, 18:00etan hasita Txomiñenen. Lehenengo mailako nagusiek, berriz, Tolosan jokatuko dute gaur bertan, 19:30etan hasita.