Kontxako Bandera eskura dauka Maren Etxabek, eta amesteko aukera Donostiarrako sei urumearrek

Beñat Los Arcos Ayerdi

Arraun Lagunak, Maren Etxabe traineruan zela (ababorreko laugarren tostan), badia barruko ikusleen aurretik pasatzen. Argazkia: Jose A. Rodriguez

Arraun Lagunakek 9 segunduren aldea hartu du nesketan, eta mutiletan Donostiarrak 3 segundura dauka aurrenekoa, Orio.

 

Ez zen ezusteko haundirik izan Kontxako Banderaren aurreneko igandean, irabazleei dagokienean. Pronostikoak betez, garaipena lortu zuten Arraun Lagunakek emakumezkoetan eta Oriok gizonezkoetan. Eta estropadak oso albiste pozgarriak ekarri zituen Urumeako bailarara, bertako arraunlarien emaitzekin. 

Izan ere, Maren Etxabe hernaniarrak eskura dauka bandera Arraun Lagunakekin, emakumezkoetan, bederatzi segunduren abantaila lortu baitzuten Tolosaldea bigarrenarekin. Baina gizonezkoetan ere amesteko aukera daukate bailarako sei arraunlarik, Donostiarrarekin: Ander Balda eta Unai Loyarte astigartarrek, eta Iker Imaz, Jon Iruretagoiena, Xabat Pastor eta Aratz Tejedor hernaniarrek. Ezustekoa emanda, bigarren izan ziren igandean, eta apenas hiru segundura daukate Orio. Ohorezko txandan ariko dira datorren igandean, Zierbenarekin eta Hondarribiarekin batera, Oriorengandik 11 eta 23 segundura, hurrenez hurren.

Maren Etxabe ez ezik, ohorezko txandan ariko da Jone Pastor hernaniarra ere, Tolosaldearekin. Azkeneko hiru estropadetako emaitza kaxkarrak atzean utzi, eta bere maila onena erakutsi zuten berriro, bigarren sailkatzeko. Oso zaila daukate Arraun Lagunaki ezustekoa ematea, donostiarrek denboraldiko bandera guztiak irabazi baitituzte; eta bigarren postuari eustea izango dute erronka, segundu bakarrera baitauzkate San Juan eta Astillero, ohorezko txandan.

Haien aurretik, lehenengo txandan ariko dira bailarako beste lau arraunlari: Amaiur Olaiz astigartarra eta Nora Urbe hernaniarra, Hibaikarekin (bosgarren, 12 segundura); June Balda astigartarra, Donostiarrarekin (seigarren, 13 segundura); eta Nahikari Qian Artano astigartarra, Zarautzekin (zazpigarren, 18 segundura). Orio izango da txandako laugarren trainerua.

Gizonezkoetan, berriz, Jokin Iraola hernaniarra ariko da aurreneko txandan, Getariarekin. Zazpigarren izan ziren joan den igandean, 49 segundura; eta lehiakide izango dituzte Bermeo, Lekittarra eta Ondarroa.

Aurreneko igandean, oso zabala izan zen bailarako arraunlarien partehartzea, ontzien ba­­rruan. Emakumezkoetan, ai­pa­tutako seiak aritu ziren nor bere taldeko tostetan, Kontxako estropada barrutik bizitzen. Gizonezkoetan, berriz, seitik hiru aritu ziren Donostiarraren tostetan, aurreneko igandean: Ander Balda, Iker Imaz eta Xabat Pastor. Jokin Iraola ez zen titular izan Getariarekin.

Ordutegi berean jokatuko dira Kontxako estropada erabakigarriak, datorren igandean: goizeko 11:00etan hasiko dira emakumezkoenak, eta eguerdiko 12:00etan gizonezkoenak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!