13 arraunlari astigartar eta hernaniar izango dira Kontxako Banderan gaur

Beñat Los Arcos Ayerdi

Emakumezkoen estropadan, bost trainerutan izango da bailarako ordezkaririk. Argazkia: Jose A. Rodriguez

Bailarako sei emakume eta zazpi gizon ariko dira lehian, goizeko 11:00etan hasiko diren estropadetan.

 

Gaurkoa izango da traineru estropaden bi zita nagusietan aurrenekoa: Kontxako Banderaren aurreneko igandea, Donostian. Eta urtero bezala, Urumea bailarako arraunlari sorta zabala ariko da bertan, traineru ezberdinetan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. 13 izango dira denera.

Emakumezkoen lehia izango da aurrena, goizeko 11:00etan hasita, bailarako sei arraunlarirekin. Aurreneko txandan, lau traineruetan izango dugu ordezkaririk: June Balda astigartarra, Donostiarrarekin; Amaiur Olaiz astigartarra eta Nora Urbe hernaniarra, Hibaikarekin; Jone Pastor hernaniarra, Tolosaldearekin; eta Nahikari Qian Artano astigartarra, Zarautzekin.

Bigarren txandan ariko da Maren Etxabe hernaniarra, bandera lortzeko faborito nagusia den ontzian, Arraun Lagunaken tostetan. Astillero, San Juan eta Orio izango dituzte lehiakide.

Haiek bukatuta, 12:00etan ekingo diote gizonezkoek, Urumeako zazpi ordezkarirekin, baina soilik bi trainerutan banatuta. Izan ere, Donostiarrarekin ariko dira Ander Balda eta Unai Loyarte astigartarrak, eta Iker Imaz, Jon Iruretagoiena, Xabat Pastor eta Aratz Tejedor hernaniarrak. Jokin Iraola hernaniarra, berriz, Getariarekin ariko da. Aurreneko txandan ariko dira bi traineruak, Oriorekin eta Ondarroarekin batera. Bigarren txandan Hondarribia, Lekittarra, Zierbena eta Urdaibai lehiatuko dira, bailarako ordezkaririk gabe.

Txartela eskuratzetik oso gertu izan ziren beste hiru hernaniar, sailkatze estropadan inork nahi izaten ez duen zortzigarren postuan sailkatuta: Maider Garmendia eta Maider Perez emakumezkoetan, Hondarribi­a­rekin; eta Imanol Muñoz gizonezkoetan, San Juanekin.

 

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!