Bertan dugu 2026-2027 ikasturtea. Astelehenean bueltatuko dira ikasle zein irakasleak errutinara, udako atsedenaldiaren ondoren. Astigarragako eta Hernaniko ikastetxeetako giroan murgildu ondoren, nabari den eta etengabe errepikatu den hitza 'ilusioa' izan da. Udako oporrak luzeak izan ohi dira, eta nahiz eta gozagarriak izan, irailarekin batera etorri ohi da errutinara bueltatzeko gogoa ere. Irakasleak irrikitan daude «ikasleak motxilekin atetik sartzen» ikusteko, eta ikasleek urtero-urtero izaten dute gogoa haien lagunekin elkartzeko, eta aurtengo ikasturtea ez da izango salbuespena, nahiz eta batzuk ere ez liratekeen egongo oporrak luzatzearen aurka...
Bestalde, Urumea bailarako ikastetxe batzuek pasa diren urteetako ildo didaktikoarekin jarraitu arren, beste batzuetan aldaketaren bat egongo da aurtengoan, beti ere ikasleen ongizatea eta hezkuntza hobeago bat bilatuz. Dobera Euskara Elkarteak, bere partetik, zaintza zerbitzua eskaintzen jarraituko du aurten ere Langile Ikastolan, goizeko 07:30etatik 09:00etara, sarrera ordua malgua izanik.
Arlo ekonomikoari erreparatzen badiogu, Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka zein diru-laguntzak eskatzeko aukera dute familiek. Uda osoan zehar izan da aukera zabalik, bekak eskatzekoa, eta irailaren 30a da eskakizunak burutzeko azken eguna.
Ilusioa protagonista, ikasturte hasieran
Udako opor luzeak pasata, haurtxoak irrikitan izan ohi dira urtero ikastolara bueltatzeko, eta lagunekin elkartzeko. Hala diote bailarako ikastetxe ezberdinetatik. Guztiek hitz bat errepikatu dute: ilusioa. Ilusioz bueltatzen dira ikasleak errutinara, eta ilusioz hartzen dute ikasturte berria irakasleek ere. Irakasle berriak daude, ikasle berriak daude, baina iraila hasiera bakoitzean ikastetxeetan izaten den ilusio-giroa ez da aldatzen.
Ondo azaldu dute Aratz Ikastolatik nolakoa den ilusio hori. Diotenez, txikienek badute ilusio edota beldur puntu hori, ikasturte berri bat hasiko dutelako eta lagunekin elkartuko direlako; nerabeek, aldiz, nahiagoko lukete udako oporrak luzeagoak izatea. Aratzeko irakasleek, bestalde, iraileko lehen aste honetan ordenagailu eta paper artean lan egin ondoren, gogoz daude ikasleekin lanean hasteko, ikasleak atetik sartzen ikusteko «motxila ilusioarekin eta gogoarekin beteta» dutela. Baina, oro har, Urumea bailarako ikastetxe ezberdinek partekatzen duten sentsazioa da, «indarberrituta» daudela langileak, udan zehar pilak kargatu ondoren. Ikusi beharra dago, nolakoak diren sentsazio horiek hilabete batzuk pasata, baina momentuz, indarra, gogoa eta ilusioa dira protagonista bailarako ikastetxeetan.
Bestalde, ikasle berri ugari ere badago, eta ikastetxeen partetik mezua argia da haientzako. Guztiek partekatu dute gisa bereko ongietorri-mezu: «Besozabalik jasoko ditugu, adeitasunez. Edozein motatako laguntza behar dutenean, jakin dezatela laguntzeko prest egongo garela. Ongietorriak izan!».
Berrikuntzak, bailarako hainbat zentrotan
Hainbat zentrotan jarraituko dute aurten ere aurreko urtetako ildo didaktikoarekin. Beste batzuetan, ordea, nahiz eta ildoa gehiegi ez aldatu, berrikuntza esanguratsurik badago. Hernaniko Lanbide Heziketa zentroan, hain zuzen, C graduak burutzeko aukera jarri dute martxan aurtengoan. Zentrotik azaldu duten bezala, ziurtagiri profesionalak lortzeko moduak dira C graduak. Orain arte Lanbideren bidez lortu zitezkeen gisa honetako titulazioak; orain, Hernaniko Lanbide Heziketa zentroan, erdi-mailako edo goi-mailako graduko tituluak lortu ez ezik, ziurtagiri profesionalak ere lortu ahal izango dira.
Elizatxo Ikastolan, bestalde, pasa den ikasturtean jarri zuten martxan psikomotrizitatearekin lotutako programa bat, HH3ko gaztetxoentzat: «Kanpotik etortzen da aditu bat, eta psikomotrizitate gelan jarduerak eskaintzen ditu. Bertan detektatu daitezke arazo ezberdinak, eta formakuntza jasotzen dute irakasleek ere, arazo horiei aurre egiten ikasteko, baita familiekin tratatzeko ere».
Urumea Ikastolaren kasuan, lehendabiziko astea berezia izaten da, duela lau ikasturtetik. Izan ere, egun bakoitza dinamika ezberdin batekin osatzen dute: bi dira elkarbizitza egunak, eta kulturarteko, ingurumeneko eta euskera egun bana dituzte gainontzekoetan. Horrela, ingurumenaren egunean adibidez, ikasgelan jarraibideren bat jaso ondoren, kalera ateratzen dira gaztetxoak, inguruko parkeetan eta kaleetan garbiketa lanak egitera. Ikastetxetik adierazi dutenez, helburua da ikasleak «dinamikan sartzea», modu ezberdin batean: «Lehendabiziko aste honetako dinamikekin, ikasleek barneratzen dituzte zentroan ikasturtean zehar izan behar dituzten jarrera ezberdinak, euskeraren erabilerari edota ingurumenaren zaintzari lotuta daudenak».
Aratz Ikastolan orain dela pare bat urte martxan jarri zituzten eraldaketa pedagogikoei segida ematea da intentzioa, hobekuntzak egiten jarraituz: «Ikastolen elkartearen ardatza jarraituz, euskeraren erabileran enfasia eginez eraldaketa horrekin jarraitu nahi dugu», diote zentrotik. Langile Ikastolan, berrikuntza gisa aipatu dute Agenda 2030 desagertu dela, baina Hernanin badagoela gogoa eta indarra jarraipena emateko Hernani Natura Herriari. Langilen bertan, adibidez, ahateen putzua urmael bihurtzeko prozesuari ekingo diote aurtengoan; ikasleak izango dira horren arduradun, Fraisoroko eta Aranzadiko kideekin batera.
Astigarragako Herri Eskolan, bestalde, aldaketek ikasle kopuruarekin dute zerikusia. Ikastetxetik azaldu duten bezala, herriaren hazkunde demografikoarekin batera, ikasle gahiago ere matrikulatzen dira zentroan, eta horrek aldaketak ekarri dizkie azken urteotan. Pasa den ikasturtean eraikin berria zein ikasgela berriak eraiki zituzten, eta aurten ere aprobetxatuko dituzte horiek. Eta noski, ikasle kopurua haunditzeak suposatzen du irakasle kopurua ere haunditzea, eta irakasle berri dexente egotea. Beraz, hazkunde eta trantsizio garaia bizi dute Astigarragako Herri Eskolan.
Jangelarako edo garraiorako bekak, besteak beste
Diru kontuekin sartuz gero, hainbat diru laguntza edota beka eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak. 'Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzak' deritzo, eta barne hartzen hartzen ditu garraioa, jangela, kuota edota matrikula, familia bakoitzaren egoeraren araberakoa izanik. Beka hauek eskatzeko aukera zabaldu zuten Eusko Jaurlaritzatik pasa den uztailaren 27an, eta oraindik denbora dago eskakizunak burutzeko, azken eguna baita irailaren 30a.
Online bete behar da eskakizuna, euskadi.eus/unibertsitateaz-kanpoko-bekak estekaren bidez. Bertan aurkitzen da beka ezberdinen informazioa ere; besteak beste, ikaslearen hezkuntza baldintzak (kurtsoa errepikatzen ez aritzea, adibidez), 2025 urteari dagozkion familiako baldintza ekonomikoak (gainditu ezin diren errenta mugak), hezkuntza-laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleentzako bekak, eta beka eta dirulaguntzen zenbatekoak eta motak (ikasmaterialerako zenbatekoa, jangelarako zenbatekoa, garraiorako zenbatekoa, oinarrizko bekaren zenbatekoa, eta abar). Horrela, Jaurlaritzak ekainean aditzera eman zuenez, gisa honetako ('Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzak') beketara 72 milioi euro bideratuko dira.
Zaintza zerbitzua Langilen, Doberaren eskutik
Azkenik, urtero bezala, 2026-2027 ikasturterako ere Haur Zaintza Zerbitzua eskainiko du Dobera Euskara Elkarteak Langile Ikastolan. Klaseak hasi aurretik, goizeko 07:30etatik 09:00etara, gurasoek haurrak eskolan giro paregabean uztea ahalbidetzen die zerbitzu honek. Sarrera ordua, gainera, malgua da; hau da, gaztetxoak ez dira eskolara bertaratu behar derrigorrez 07:30etarako, gurasoen beharren araberakoa da sarrera ordua, eta haiek erabakiko dute zein izango den ordu hori.
Doberatik urtero adierazten duten bezala, hainbat helburu betetzen ditu zaintza zerbitzu honek. Lanera joan behar duten gurasoei mesede egiteaz gain, zaintza zerbitzuak haurren heziketari ere egiten dio mesede. Izan ere, eguneko lehen ordu hauetan, haurrak giro euskaldun, goxo eta ludikoan egongo dira, «eguna ahalik eta modu atseginenean hasteko». Bertan, jolasak, mahai jokoak, ipuin eta marrazteko txokoak egin ahal izango dira, besteak beste.
Umeei «harrera goxoa egiteaz» Doberako hezitzaileak arduratuko dira, eta «haurrak hartzeaz gain, gurasoen oharrak ere jasoko dituzte, gero ume bakoitzaren tutoreari helarazteko. Hezitzaileak ere arduratuko dira, noski, umeak beren irakasleekin uzteaz».
DOBERAKO ZAINTZA ZERBITZUA LANGILEN
Egutegia: Eskolako egutegia errespetatuko da. Irailean hasi eta ekainera arte. Astelehenetik ostiralera.
Ordutegia: 07:30etatik 09:00ak arte. Sarrera ordua malgua izango da, familia bakoitzaren beharren arabera.
Parte hartzaileak: HH2 - LH6ko ikasleak.
Non elkartu: Meaben.
Informazio guztia hemen: dobera.eus/zaintzazerbitzualangilen