Alokairurako dirulaguntzak eskatzeko aukera, Hernanin ere

Julen Borreguero Fernandorena

Pasa den abuztuaren erdialdean eman zuen aditzera Astigarragako Udalak 18-30 urte bitartekoek laguntza eskatzeko aukera zutela.

 

Pasa den abuztuan, Astigarragako Udalak aditzera eman zuen 18-35 urte bitartekoek aukera zutela etxebizitza alokatzeko dirulaguntza eskatzeko. 60.000 euro bideratu ditu Udalak horretara, 2025eko alokairu gastuetarako izango direnak, eta irailaren 30era arte ireki dute eskakizunak burutzeko epea.

Hernaniko Udaletik ere aditzera eman berri dute herrian etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak emango dituztela. Kasu honetan, guztira 210.000 euroko partida erreserbatu du Udalak; horietatik 105.000 euro 18 eta 35 urte bitarteko (biak barne) gazteentzako, eta beste 105.000 euroak 36 urtetik gorakoentzako. 

 

Eskaerak egiteko aukera, hilabete osoan zehar

Eskaerak egiteko aukera zabaldu zen pasa den asteartean, irailaren 1ean, eta azken eguna izango da hilabeteko azkenekoa, irailaren 30a alegia. Diruz lagunduko diren alokairu gastuak izango dira 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoak. 

Hernaniko Udalak azaldu duenez, eskaerak bakarka edo bizikidetza-unitate gisa egiteko aukera dago, eta eskatzaileek gutxienez sei hilabeteko antzinatasunarekin egon behar dute erroldatuta Hernanin. 

Bestalde, gehienez hilean 800 euroko alokairuak dituztenei baino ez zaie lagunduko diruz, eta bizikidetza-unitatearen sarrerak hartuko dira kontuan laguntza ematerako orduan: unitatean diru-sarrerak dituen pertsona bakarra badago, urtean 28.000 euro garbi baino gutxiago kobratu beharko diru laguntza jaso ahal izateko; eta unitatean pertsona batek baino gehiagok sarrerak izanez gero, 39.000 euro urtean izango da topea. Onuradunak gehienez 3.600 euroko laguntza jasoko du Udalaren partetik, urtean.

Dirulaguntzaren oinarriak zein eskaera-orria daude Udalaren webgunean (hernani.eus/eu/dirulaguntzak) eta udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan. Eskaerak aurrez aurre edo online aurkezteko aukera dago.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!