Ohi baino lehenago hasi dira sagarra biltzen, zenbait sagastitan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 27a

Sagar gutxiko urtea izango dela aurreratu du Euskal Sagardoak, zonalde batetik bestera aldeak haundiak diren arren. Aurreko urtean baino %30-35 gutxiago biltzea aurreikusi dute.

Badator aurtengo sagar uzta, ohi baino lehenago etorri ere. Euskal Sagardoak aditzera eman duenez, dagoeneko hasi dira sagardo sagarra biltzen, Euskal Herriko zenbait sagastitan, normalean baino lehenago. Gainerakoek datozen egun eta asteetan hasiko dituzte bilketa lanak, eta jarriko dituzte tolareak martxan; gehienek, iraileko aurreneko hamabostaldian ekingo diote. Aurtengo udara lehorraren eraginez erabaki dute bilketa aurreratzea, «sagarra heltzen eta erortzen hasi baita sagasti askotan».

Euskal Sagardoak gogorarazi du, aurtengoa uzta txikiko urtea tokatzen dela, iazkoa sagar urtea izan zelako. Baina zonalde batzuetan eta besteetan, «oso desberdin» datorrela sagarra aurten, eta asko aldatzen dela egoera batetik bestera. «Zenbait lekutan sagar gutxi izango da, Gipuzkoako kostaldean edo Bizkaian esaterako; baina beste zenbait zonaldetan gehiago dator, Goierrin edo Arabako zonalde batzuetan adibidez». Zentzu horretan, nabarmendu dute urte batetik bestera «uztak orekatzeko» eta «aldea txikitzeko» lanean ari direla, baina oraingoz aurreko urteetako joera errepikatzen dela: «Iazko uztarekin alderatuta, aurten %30-35 gutxiago izatea aurreikusten dugu».

Diote, gainera, aurreko urteetan baino txikiagoa izango dela sagarra, «ur gutxi izan baita udaran zehar». Uzta txikiko urteetan gertatzen den moduan, hori bai, «izaera haundiko sagarra» izatea aurreikusi dute sagardotegiek; «baina hori datozen asteetan jakingo dugu, sagarra bildu eta jo heinean». Uztaren aurkezpena irailaren 16an egingo du Euskal Sagardoak, Villabonan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!