Aurreko ostiralean jokatu zituzten, Donostiako Trinitate Plazako frontoian, Aste Nagusiko Txapelketaren finalak; eta Urumea bailarako bi esku pelotari aritu ziren bertan: nesken finala jokatu zuen Alize Sagardui goizuetarrak, eta mutil nagusiena Markel Lizeaga hernaniarrak. Ezin izan zuten, ordea, txapelketa bikaina nahi bezala borobildu.
Uxue Gomezekin batera aritu zen Sagardui, eta oso estu hartu zituzten kontrarioak, final gogorrean. Baina azkenean, Arruti eta Ozaeta nagusitu ziren (20-22).
Lizeagak, bere aldetik, Xabi Santxo usurbildarrarekin jokatu zuen finala. Berezia zen bi beteranoentzat, gaztetatik elkarrekin arituta; baina ezin izan zuten Txoperenaren eta Arangurenen aurrean. Aurreneko zatia parekatua izan arren, 13-22 nagusitu ziren kontrarioak azkenean.
Antiguako Txapelketa, jokoan
Bitartean, jokoan da Antiguako Txapelketa ezaguna ere, Donostian bertan, abuztuaren hasieratik. Eta kasu horretan ere, protagonista ari dira izaten bailarakoak, mutilen elite mailan: Eñaut Lizeaga astigartarra eta Xabi Apaolaza hernaniarra. Asteartean bukatu zuten ligaxka, eta datorren astearte eta asteazkenean jokatuko dituzte semifinalak, biek egin baitute aurrera. Lehenengo multzoan aritu dira, Lizeaga Asier Balerdirekin eta Apaolaza Oier Elorzekin. Hernaniarra ez zen txapelketa jokatzekoa, baina Muruaren ordezko gisa aritu da ligaxkako bi partiduetan, eta berak jokatuko du aurrerantzean ere.
Lizeagak eta Balerdik multzoko aurreneko postuan egin dute aurrera, ligaxkako bi partiduak irabazita. Apaolazak eta Elorzek, berriz, asteartean lortu zuten garaipen erabakigarria, Irribarriaren eta Garañoren kontra (22-13), multzoko bigarren postuan aurrera egiteko.
Asteazken iluntzean jakin zuten zeinen kontra aritu beharko duten semifinaletan, orduantxe jokatu baitzen bigarren multzoko azkeneko jardunaldia. Lizeagak eta Balerdik datorren asteartean jokatuko dute, Cestauren eta Bernaolaren kontra; eta Apaolaza eta Elorz asteazkenean ariko dira, Etxeberriaren eta Apeztegiaren aurrean. Bi egunetan, arratsaldeko 18:00etan hasiko da jaialdia, Antiguako frontoian.
Finala, berriz, larunbatean jokatuko da, abuztuaren 29an, goizeko 11:00etan hasiko den jaialdian. Egun horretan jokatuko dira mutil promesen eta neska nagusien finalak ere.